Koronabirusa
Tabernen, diskoteken eta autobus zerbitzuaren ordutegiak zabalagoak dira gauerditik Nafarroan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Horrez gain, gazte koadrilen lonjak ireki ahal izango dira eta kalean gehienez 10 pertsona biltzeko debekua kendu egingo dute. Neurri berriak urriaren 1era arte egongo dira indarrean.
Nafarroako Gobernuak deseskalatze planarekin aurrera jarraitzen du eta gauerditik aurrera ostalaritzaren, gaueko aisialdiaren eta garraio publikoaren ordutegiak luzatu ditu. Halaber, gazte koadrilen lokalak irekitzea posible izango da eta bertan behera geratuko da kalean gehienez 10 pertsona biltzeko debekua.
Gobernuak ostegun arratsaldean argitaratu du neurri berriak biltzen dituen agindua, goizean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onespena jaso ostean. Neurri berriak gauerdian sartu dira indarrean eta urriaren 1era arte egongo dira aktibatuta.
Hasteko, kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kendu egin dute, oinarrizko eskubideei eragiten dion murrizketa delako.
Halaber, ostalaritzaren ordutegia 02:00ak arte luzatu dute; lizentzia berezia duten tabernena, 03:00ak arte; eta diskotekena eta gaueko aisialdirako aretoena, 04:30 arte.
Era berean, mahaikideen artean 70 zentimetroko distantzia kendu dute, baina barran ez kontsumitzeko irizpide orokorra mantentzen da.
Diskoteketan gehienezko edukiera % 50ekoa da, mahaietan eserita soilik kontsumitu ahalko da eta dantzatzea galarazita dago.
Bingoak eta jokorako aretoak 02:00ak arte daude irekita, eta jolaserako lokalek 01:00etan itxi beharko dituzte ateak.
Garraioari dagokionez, edukiera % 75era handitu dute, aireztapen egoki bat mantentzeko beharraren garrantzia azpimarratuz. Iruñerriko Mankomunitateak autobus zerbitzua indartu du puntako orduetan jende pilaketak ekiditeko.
Halaber, zerbitzuaren ordutegia 04:00ak arte luzatu dute, gaueko aisialdiaren ordutegi berrira egokitzeko.
Gainera, etxabeak edo gazteen lonjak berriro zabaltzea posible da, Osasun Departamentuko idazkaritza teknikoaren zein udalaren aurrean ardura adierazpen bat aurkezten baldin badute.