Itxi

LABI

Gaueko aisialdia 03:00ak arte egongo da zabalik Euskadin, larunbatetik aurrera

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Itxiera-ordutegia 03:00ak arte luzatuko da jarduera komertzial, sozial eta kultural guztietarako. Ostalaritza lokaletako edukiera % 75era arte handituko da, eta mahaietan 8 lagun elkartu ahal izango dira barnealdean, eta 12 kanpoan. Diskoteketan, edukiera % 50ekoa izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Larunbatetik aurrera (agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean), ostalaritzaren eta jarduera komertzial eta kultural guztien itxiera goizaldeko 03:00ak arte atzeratuko dute Euskadin, orain arte baino bi ordu beranduago.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzordearen bilerako buru izan da ostiral honetan, eta, pandemiaren martxa aztertu ondoren, irailaren 1etik indarrean dauden murrizketak lasaitzea erabaki du.

Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak berriz irekitzeko baimena ematea erabaki du. Hala ere, barnealdeetako edukiera-muga % 50koa izango da, eta barran edo zutik kontsumitzea debekatuta egongo da. Horrez gainera, dantzalekua maskara jantzita erabili ahal izango da. Gainerako xedapenak ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkionak izango dira, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako itxiera-mugako ordutegia 03:00ak arte luzatzea barne.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduek % 75eko edukiera izango dute barnealdeetan, baita txokoetan ere. Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eutsiko zaio leku horietan guztietan, eta mahaietan 8 pertsona elkartu ahal izango dira barnealdean, eta 12 kanpoan.

Edukiera, oro har, % 75ekoa izango da leku guztietan, salbuespen batzuekin: 3.000 pertsonatik beherako esparruetan, 1.500 pertsonatik beherakoa izango da barnealdean, eta 1.800 kanpoaldean; 3.000 lagun baino gehiagoko esparruetan, aldiz, edukiera ezin izango da % 40 baino handiagoa izan barnealdeetan eta % 60 baino handiagoa esparru irekietan.

Gazteen lonjak eta lokalak berriro ireki ahal izango dira 16 eta 29 urte bitarteko adin tartean txertaketak jarraibide osoaren % 85 gainditzen duen unetik aurrera; gaur egun, portzentaje hori % 66 ingurukoa da.

Kirol-jarduerari dagokionez, barruko instalazioetan, gehienez, 16 pertsonako taldeak elkartu ahal izango dira. Aldagelen erabilera % 50ekoa izango da eta dutxak banan-banan erabili behar izango dira, edo bi metroko segurtasun-tartea gordeta.

Barnealdeetan egiten diren museo, erakusketa areto, jolas zentro eta turismo zentroetara bisitetan taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira. Bestalde, administrazio publikoek eta enpresek aurrez aurreko jardunera itzultzea erabaki ahal izango dute urrutiko lanari edo telelanari buruzko araudiak arautzen ez dituen lanpostu guztietan. Lan eremu bakoitzaren tipologia eta baldintza bereziak kontuan hartu beharko dira, eta oinarrizko prebentzio neurriak mantendu, hala nola maskara erabiltzea eta aireztatzea, lan osasuneko zerbitzuek adierazitakoaren arabera.

Azkenik, LABIk azpimarratu du oinarrizko prebentzio-neurriak mantendu behar direla, hala nola eskuen higienea, maskara erabiltzea, espazio itxiak aireztatzea eta jende-pilaketetan ez parte hartzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)