Koronabirusa
Jaurlaritzak "adineko pertsona guztiei" eman nahi die txertoaren hirugarren dosia
agentziak | eitb media
Sagarduik adierazi du "etengabe" ari dela hitz egiten aldundiekin, urriaren 4an has dadin txertaketa adinekoen egoitzetan.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia "adineko pertsona guztiei" ematearen alde daudela, ez soilik adinekoen egoitzetan daudenei.
Sailburuak esan du aurreko astean proposatu zutela adinekoei hirugarren txertoa jartzea, eta berak adineko pertsona "guztiak" txertatzea proposatu zuela, ez adineko egoitzetakoak bakarrik.
Sagarduiren arabera, litekeena da urriaren 4aren inguruan Europako Sendagaien Agentziak ebazpenen bat ateratzea gaiaren inguruan, eta "orduan hasiko da txertaketa adinekoen egoitzetan".
"Aldundiekin etengabe ari gara hitz egiten, eta une horretarako prestatuko gara, urriaren 4an erkidego guztietako adinekoen egoitzetan txertaketari ekiteko", gaineratu du.
Bestalde, LABIren batzarraren ostean egindako agerraldian azaldu duenez, ez dute Mun aldaeraren agerraldirik atzeman, baina kasuak agertu omen dira aurreko hilabeteetan.