Koronabirusa
Hiru pertsona hil dira Nafarroan covid-19agatik azken orduetan
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
26 positibo zenbatu zituzten atzo, eta, ondorioz, bosgarren egunez jarraian zenbatu dituzte 30 kutsatutik behera.
Hiru lagun hil dira Nafarroan azken orduetan covid-19ak jota. Datu horrek ilundu egin du kutsatze kopuru onak eman duen poztasuna; izan ere, 30 kutsatzeen langatik behera kokatu dira berriro positiboak Nafarroan, 26 positibo berri zenbatu baitituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Bosgarren egunez jarraian geratu da positiboen kopurua langa horren azpitik, bezperan baino 16 gehiago badira ere. Duela astebete antzeko datuak atzeman zituzten, baina duela 14 egun zenbatutako 70 kasuetatik oso urrun dago.
Atzo 2.027 proba egin ziren, eta % 1,3k eman zuten positibo.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerriei dagokienez, Tutera eta Azagra dira denen buru, launarekin. Gainerakoan, Lodosan, Tafallan eta Atarrabian bina kasu atzeman dituzte.
Astelehenean hiru lagun erietxean sartu behar izan zituzten (batere ez ZIUn), eta, ondorioz, ospitaleetan dauden gaixoak 45 dira guztira; horietako 12 ZIUetan daude.
Txertaketari dagokionez, 840 txerto jarri ziren atzo, eta 508.963 lagunek osorik dute dagoeneko pauta osoa. Guztira 968.452 dosi jarri dira Nafarroan.