Itxi

Koronabirusa

Nafarroako Osasun Publikoak covid-19 pandemia bukatzear dagoela iradoki du

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

Erkidegoaren zatirik handienean birusaren zirkulaziorik ez dagoela uste du Institutuak. Hala ere, Foru Gobernuak, printzipioz, ez ditu covid-19aren kontrako neurriak urriaren 1era arte aldatuko.

Erkidegoaren zatirik handienean birusaren zirkulaziorik ez dagoela uste du Institutuak.

Foru Erkidegoaren zatirik handienean birusaren zirkulaziorik ez dagoela uste du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak, positiboak toki gutxi batzuetan baieztatu dituztelako. Beraz, 14 hilabetez luzatu den (2020ko uztailetik) covid-19aren zirkulazio epea bukatutzat eman du erakundeak.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak, printzipioz, ez ditu koronabirusaren aurkako neurriak aldatuko urriaren 1era arte. Egun horretan, pandemiaren bilakaera baieztatzen baldin bada, neurriak arinduko ditu Foru Exekutiboak.

Irailaren 13tik 19ra 214 positibo baieztatu zituzten PCR edo antigeno probek (100.000 biztanleko 32). Aurreko astearekin alderatuta, % 44ko beherakada da kasuen kopuruan.

Intzidentziak adin tarte guztietan egin du behera. Delta aldaera positiboen % 99 da, baina beheranzko joeran jarraitzen du haren hedatzeko gaitasunak, eta oraingoz, behintzat, ez da ordezkatuko duen aldaerarik azaldu.

Era berean, covid-19aren ondorioz, ospitaleratzeek behera egin dute 26tik 8ra, eta ZIUetan 5 pazientetik bakarrera pasa da Nafarroa, nahiz heriotzek gora egin, 2tik 8ra, beti beranduago gertatzen direlako.

Osasun Publikoaren arabera, txertaketa eragin oso handia izaten ari da kasuak, ospitaleratzeak eta heriotzak prebenitzeko orduan, baina birusaren zirkulazioa dagoen bitartean txertaketa beste neurri batzuekin osatu behar da, maskararekin esaterako.

Javier Remirez Foru Exekutiboko bozeramaile eta presidenteordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, hobekuntza datuak baieztatzen baldin badira, "neurriak arintzeko agertoki batean izango gara", baina urriak 1 baino lehen ez dute aldaketarik ezarriko.

 

Albisteak (3)