Itxi

Koronabirusa

Beste pertsona bat hil da covid-19ak jota Nafarroan, transmisio txikiarekin jarraitzen badute ere

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lau pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, eta horrenbestez, 44 dira erietxean daudenak, 13 ZIUn.

NUPeko txertaketa gune handia berriki itxi dute Nafarroan. Argazkia: EFE

85 urteko gizonezko bat hil da koronabirusak jota eta lau pertsona ospitaleratu behar izan dituzte Nafarroan. Dena dela, izurriaren transmisioa baxua da Foru Erkidegoan, eta asteazken honetan 18 positibo berri zenbatu dituzte.

Datuok eta azken hilabeteko bilakaerak agerian utzi dute atzo Osasun Publikoaren Institutuak iragarritakoa: covid-19aren zirkulazio epea bukatutzat eman daitekeela.

Heriotza berri horrekin, 1.243 dira pandemia hasi zenetik zendutakoak. Ospitaleetan 44 pertsona daude (bezperan baino lau gehiago), eta horietatik 13 ZIUetan daude.

Eguneko kutsatzeei dagokienez, 1.603 proba diagnostiko egin ostean atzeman zituzten 18 positiboak (proben % 1,3). Zazpigarren egunez jarraian atzeman dituzte 30 positibo baino gutxiago. Gainera, bezperan baino zortzi kasu gutxiago dira. Urrun daude duela astebete hautemandako 50 kutsatzeetatik, eta are urrunago duela 14 eguneko 81 kasuetatik

Udalerri eta osasun guneei dagokienez, Cascanten eta Iruñeko Donibane auzoan bina kasu zenbatu dituzte, eta kutsatzeren bat atzeman duten gainerako herrietan bat bakarrik hauteman dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)