Itxi

Fake News

La Palmako sumendiaren gaineko hainbat bulo gezurtatu ditugu

EITB Media

Leer en Castellano

Ez, ura ez dago kutsatuta, eta meteorologo batek ere ez du galdetu nola itzaltzen den sumendi bat. Sare sozialetan irakur daitezkeen hainbat desinformazio eta gezurrezko mezu aztertu ditugu.

Internet bidez mota guztietako mezuak aurki ditzakegu, sumendi-aho bat porlanez estaltzea adibidez.

Egunak igaro dira Kanarietako La Palma uhartean Cumbre Viejako sumendia erupzioan sartu zenetik. Ordutik, ez dira gutxi izan sareetan zabaldu diren mezu alarmistak, eta horietako askok gezurrak eta desinformazioak izan dute ardatz. Sumendiaren ukatzaileek ere mezuok erabili dituzte euren teoriak elikatzeko, baina ez dira gutxi, euren baieztapen zoroengatik, umorezkotzat jo daitezkeenak ere.

Hauexek dira Interneten topa ditzakegun adibideetako batzuk.

Sare sozialak arakatu eta gutxira, Isabel Zubiaurre meteorologoari lotutako manipulazioa topa dezakegu. Bolo-bolo dabiltzan argitalpenen arabera, horrek galdetzen dio aditu bati ea nola itzal daitekeen sumendi bat. Bideoa, baina, moztuta dago, eta originalean entzun daiteke labaren ondorioz sortuko liratekeen suteak nola itzali beharko liratekeen galdetzen duela.

Ildo horretan ere, askotariko muntaiak argitaratu dira sarean, pertsonai zehatz batzuk leku txarrean utzi nahian, hurrengo mezuak esango balitu bezala: "Zergatik ez du inork proba egin sumendi baten ahoan porlana botatzea", horiek erupzioan jartzen direnean "laba blokeatuta gera dadin?". Galdera hori benetakoa da, baina Facebooken argitaratu zuen erabiltzaile anonimo batek, 2017an, Maldita.es agerkariak baieztatu ahal izan duenez.

2017an argitaratutako mezu bat da.

Beste informazio faltsu bat da sumendiaren inguruko eremuetako uraren kalitateari buruzkoa: hainbat erabiltzailek txorrotako ura ezin zela edan zioten mezuak zabaldu dituzte; hala ere, Palmako Kabildoak informazio hori gezurtatu du, eta ziurtatu du teknikariek uraren osasungarritasuna maiz monitorizatzen dutela.

Azken orduetan, gainera, "hori sumendi baten magalean eraikitzeagatik pasatzen da" estiloko iruzkinak zabaltzen ari dira, labako isurialdeek suntsitutako eraikinei erreferentzia eginez. Erabiltzaile asko, baina, erasooi aurre egin diete bertako herritarrak defendatuz, eta sumendi hori berria dela eta Kanariar uhartediko uharte guztiak jatorri bolkanikokoak direla gogoratu dute.

Profil faltsu batzuek La Palmakoarekin bat ez datozen sumendien irudiak partekatu dituzte ere; besteak beste, Madrilgo presidentearen profil faltsuak egin du hori.

Ustezko konspirazioak

Gezurrez eta informazio faltsuez gain, sare sozialetako erabiltzaile batzuek euren iritziak emateko aukera baliatu dute, horietako askok sumendia existitzen dela ukatuz eta mahai gainean teoria zoroak jarriz.

Umorea, muga barik

Twitter bezalako sare sozialek ez dute mugarik, ezta erabiltzaileen irudimenak ere. Horrela, iruzkin zentzugabe eta barregarriak aurki ditzakegu, horietako asko sumendiaren existentzia ukatzen duten mezu konspiranoikoak agerian uzteko, besteak beste.

Albisteak (1)