Itxi

Koronabirusa

Nafarroak 23 positibo zenbatu ditu hildakorik gabeko egun batean

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Erietxeetako egoera egonkor dago, ospitaleratze bakarra izan delako. 13 gaixo daude ZIUetan.

Jendea zebrabide bat gurutzatzen. Argazkia: EFE

Nafarroan 23 positibo berri atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Gainera, ez da inor hil eta erietxeetako egoera egonkor mantendu da: 42 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 13 larri ZIUetan.

Bezperan baino bost gehiago dira, baina 30eko langatik behera geratu dira zortzigarren egunez jarraian. Duela astebete zenbatutakoak baino bost gutxiago dira, eta duela 14 egun baino 25 gutxiago. Positibotasun tasa % 1,3n dago. 

Ostegun honetan pertsona bat eraman behar izan zuten Osasunbideko ospitaleetara, koronabirusak jota haren osasun egoerak okerrera eginda. Hortaz, 42 pertsona daude erietxeratuta, eta horietatik 13 larri. Zorionez, ez da inor hil azken orduetan eta pandemia hasi zenetik hildakoak 1.243 dira.

Udalerri eta osasun guneei dagokienez, aipagarriak dira Burgin atzemandako lau kasuak. Gainerakoan, Iruñeko Arrotxapea eta Txantrea auzoetan eta Beran bina positibo hauteman dituzte. Azkenik, kutsatzeren bat atzerman duten gainerako herrietan kasu bakarra atzeman dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)