Koronabirusa
20 positibo atzeman dituzte Nafarroan, 30etik beherako bederatzigarren egunean jarraian
EITB MEDIA
Azken 14 hilabeteetako kopururik txikienetakoa da, 2020ko uztailaren 14an diagnostikatu zirenen parekoa.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 20 positibo berri atzeman ditu covid-19an, ostiral honetan, Exekutiboak emandako datuen arabera. Bezperan baino hiru kasu gutxiago (23) dira, duela astebete baino bi gutxiago, eta duela 14 egun baino 27 gutxiago.
1.563 proba egin ziren. Beraz, 20 kasu atzemanda, %1,3koa izan zen positibitatea.
Pandemiaren bilakaerak ona izaten jarraitzen du Foru Erkidegoan. 22 egun dira jarraian, egunean 100 kasu berri baino gutxiago diagnostikatzen direla, eta atzokoa bederatzigarren eguna izan zen, jarraian, 30 kasu baino gutxiago atzeman zirena.
Iruñean eta Lodosan hiruna kasu atzeman zituzten, Ablitasen, Tuteran eta Urzainkin bina eta Burgin, Carcarren, Irunberrin, Tabarren eta Beran bana.
Pertsona bakarra ospitaleratu behar izan zuten atzo covidagatik. Hala, 38 lagun zeuden ostiralean Nafarroan ospitaleratuta covidagatik (bezperan baino 4 gutxiago), horietako 13 ZIUn.
Bestalde, ez zen inor hil covidagatik.
Joerak bide horretatik jarraitzen badu, urriaren 1etik aurrera koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako neurri murriztaileak arintzea aurreikusi du Foru Gobernuak.