Erupzioa La Palman
Sumendia hawaiiar fasean sartu da, eta labak bananadiak eta negutegiak suntsitu ditu
Agentziak | EITB Media
Haizeak eta errauts hodeiak datozen orduetan hartu beharreko norabideak kezkatzen du; izan ere, hegazkin trafikoari eragin diezaioke La Palman, Gomeran eta Tenerifeko mendebaldean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
La Palmako sumendiaren laba, itsasora bidean, bananadietan sartu da, eta negutegietako plastikoak eta ongarriak kiskali ditu. Ondorioz, arratsaldeko lehen orduan hodei toxiko bat sortu du, baina dagoeneko desagertu da. Hala ere, pertsonentzako ez da arriskutsua eta kaltegarria izan, esklusio eremu barruan mantendu delako.
Bestalde, haizeak eta errauts hodeiak datozen orduetan hartu beharreko norabideak kezkatzen du; izan ere, hegazkin trafikoari eragin diezaioke La Palman, Gomeran eta Tenerifeko mendebaldean, Maria Jose Blanco Institutu Geografiko Nazionaleko (IGN) zuzendariak ohartarazi duenez.
Astearte goizean sumendiaren jarduera areagotu ondoren, VONA (Volcano Observatory Notice for Aviation) abisu berri bat igorri du IGNk, errauts gehiago jaurtitzen ari delako, eta errauts hodeiak 7.000 metroko altuera harrapatu duelako.
Sumendiak azken orduetan jariatutako labak aurreko koladen bideari jarraitu dio, baina nabarmen zabaldu da. Oraindik itsasora helduko ote den ez dakite, eta gertatzen baldin bada, ezta noiz izango den ere.
Miguel Angel Morcuende Kanarietako Larrialdi Planeko (Pevolca) zuzendari teknikoak jakitera eman duenez, bananadietatik atera den hodei toxikoak inguruan zeuden pertsona ebakuatzera behartu du. UMEko soldaduek hodeiaren osagaiak aztertu dituzte. Besteak beste, amoniakoa eta trikloruroa zituen hodeiak.
La Palmako sumendia. Argazkia: EFE
Fase hawaiiarra
10 ordu baino gehiago eten ondoren, sumendia laba ugari jariatzen hasi zen astelehen arratsaldean, konoaren iparraldean dagoen "zulo" batetik. Azkar batean aurrera egin zuen labak, aurreko koladen gainetik, bere jariakortasun handiagoari esker, Maria Jose Blancok azaldu duenez.
Horrela gauzak, sumendia fase hawaiiarrean dago orain; soilik laba jariatzen du. Testuinguru normala dela uste du Blancok, baita jarduera areagotzea eta etetea ere.
Bat-batean leherketak berriro gerta daitezkeela ohartarazi du.
Sufre dioxidoaren isurketa tasak "nabarmen behera" egin zuen astelehenean (567 tona egunean).
5,5 milioi euro, etxea galdu zutenei etxebizitzak erosteko
Espainiako Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu du astearte honetan Kanarietako Gobernuari 5,5 milioi euroko laguntzak emateko. Horrekin, La Palma uhartean 107 etxebizitza erosi nahi dituzte, aldi baterako edo modu iraunkorrean erupzio bolkanikoak kaltetutako familientzat.