Itxi

Koronabirusa

Ostiraletik aurrera ez da covid-19aren kontrako murrizketarik izango Nafarroan

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Maria Chivite Nafarroako presidenteak zehaztu duenez, Lurralde Arteko Batzordeak hezkuntza eta kirol arloan zehaztutakoek eta maskararen erabileraren ingurukoak indarrean jarraituko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nafarroako Gobernuak bertan behera utziko ditu, ostiraletik aurrera, koronabirusari aurre egiteko jarritako murrizketak (eduki eta ordutegiei dagozkienak, nagusiki), Foru Erkidegoan egoera epidemiologikoak nabarmen hobera egin duen honetan, Osasun Institutu Publikoak izurriaren zirkulazio epea bukatutzat eman ostean.

Maria Chivite presidenteak egin du iragarpena. Buruzagi sozialista prentsa aurrera agertu da, Santos Indurain Osasun kontseilaria ondoan zuela, urriaren 1ean indarrean sartuko den foru arauaren nondik norakoak iragartzeko.

"Amaitu dira murrizketak Nafarroan", nabarmendu du, "kontuz" ibiltzeko deia egin badu ere. Halaber, jakinarazi du aurrerantzean gomendio gisa jarraituko dutela distantzia sozialari eusteak, eskuak garbitzeak edota espazio itxiak aireztatzeak.

Salbuespenak

"Murrizketa guztiak bertan behera geratuko dira, Lurralde Arteko Batzordean hezkuntza eta kirol alorrean hartzen diren erabakiak salbu. Lehenengoen harira, argitu du Lehen Hezkuntzako ikasgeletan positiboren bat badago jada ez dela beharrezkoa izango gela guztia bakartzea, baina talde burbuilari PCR proba egiten jarraituko zaiola zehaztu du. Horrez gain, maskara eramateak derrigorrezkoa izaten jarraituko du leku itxietan eta aire zabalean, baldin eta 1,5 metroko distantzia gorde ezin denean. Era berean, positibo ematen duten pertsonak koarentena bete beharko dute.

Chiviteren esanetan, Nafarroan "pandemiaren zikloan aldaketa garrantzitsu bat" izango da, baina ohartarazi duenez, "birusarekin bizitzen jarraitu beharko dugu, beste birusekin, adibidez gripearen birusarekin bizi garen bezala". Dena dela, esan du koronabirusari aurre egiteko "erreminta hobeak eta ezagutza handiagoa" dituztela orain. "Hobeto prestatuta gaude, eta izurriaren eragina minimizatzeko gai gara, ari gara, egia esan", aitortu du.

"Txertoak zeresan handia izan du"

Chivitek gogorarazi duenez, 2020ko otsailaren 29an atzeman zuten lehen koronabirus kasua Nafarroan, eta ordutik 1.234 pertsona hil dira gaixotasunaren eraginez. Hain justu, biktimak izan ditu gogoan Nafarroako presidenteak, eta aipamen berezia egin dio zientziari, covid-19aren kontrako txertoa lortzeagatik. "Zientziarik gabe ezingo genituzkeen aurrerapauso hauek eman", azpimarratu du. Orobat, eskerrak eman dizkie osasun zein arreta soziosanitarioko langileei, eta Nafarroako gizarteari "neurriak betetzeko eta txertatzeko izan duen pazientzia eta erantzukizunagatik".

Ildo horretan, nabarmendu du "txertoak zeresan handia" izan duela birusaren transmisioa eteteko. "Pandemiatik ateratzea talde konpromisoa izan da, eta hala behar du etorkizunean ere, txertaketan aurrera egiten jarraitu behar dugu", erantsi du.

Gaur-gaurkoz, Nafarroako 12 urtetik gorako herritarren ia % 90ek (% 88,3, zehatz esanda) eta biztanleria osoaren hiru laurdenak (% 77,7) txertaketa pauta osoa dute. Horrez gain, Foru Erkidegoko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 53 kasukoa da. Erietxeei dagokienez, 12 gaixo daude ZIUetan eta 27 gela arruntetan.

Halaber, Osasunbideak arreta presentziala berreskuratuko duela ere iragarri du Chivitek.

Espainiako Estatuan pandemia garaiko murrizketak kentzen dituen lehen erkidegoa izango da Nafarroa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (2)