Araba
Jaurlaritzak uko egin die Arkamo mendilerroko eta Iturrietako mendietako parke eolikoei
EITB MEDIA
Orain arte Araban aurreikusitako parke eolikorik handienak ez dira, beraz, zehaztutako kokalekuan egingo. Aldundiko teknikariek ingurumenari egindako txosten irmoak erabakigarriak izan dira Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak atzera egiteko.
Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen Sailaren arabera, Arabako mendebaldean dagoen Arkamo mendilerroan eta ekialdean dagoen Iturrietako mendietan aurreikusitako parke eolikoek ez dituzte eskatzen diren ingurumen-baldintzak betetzen.
Jaurlaritzak asteazken honetan eman dio erabakiaren berria Aixeindarri, hau da, Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak (proiektuak sustatzen ditu) osatzen duten sozietateari. Ideiarekin aurrera egin lezakete, baina exekutiboak argi utzi die ez dituela beharrezko ingurumen-baimenak emango, eta, beraz, proiektuak bertan behera geratuko direla.
Orain arte mahai gainean jarri diren bi parkerik handienak ziren, guztira 34 aerosorgailurekin eta 170 megawatteko potentziarekin.
Arabako Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen, animaliei eta paisaiari kalteak eragingo zizkiela argudiatuz, eta beste kolektibo eta ekologista talde batzuk ere gauza bera egin zuten.
Momentuz, hortaz, Arkamo eta Iturrietakoak zerrendatik kanpo geratu dira, baina Jaurlaritzak ez du oztoporik jarri eta aurrera jarraitzen du Labrazako (Arabako Errioxan) eta Azazetako (Mendialdean) parkeak izapidetzen.
Arabako Mendiak Aske elkarteak Azazeta eta Labrazako parkeei ere uko egitea eskatu du
Arabako Mendiak Aske plataformak, bestalde, Energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bat dagoela eta kokapena horrek markatzen duela gogorarazi du.
Gauzak horrela, Rebeka Gonzalez de Alaiza plataformaren bozeramaileak Radio Vitorian egindako elkarrizketan adierazi duenez, "Jaurlaritzak ez ditu kontzejuen erabakiak errespetatzen; izan ere, ez dituzte parke horiek babesten, ondare naturalaren aurka baitoaz. Plataformaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren estrategia tranpatia da".
Hala, datorren urriaren 23an Araba Bizirikek lurraldearen defentsan Gasteizen egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei Gonzalez de Alaiza bozeramaileak.
Energia berriztagarrien Lurraldearen Arloko Plana
Trantsizio energetikoaren prozesuari beste bultzada bat emateko asmoz, Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, energia garbia sortzea ahalbidetuko duten baldintzak eta formulak sortzen jarraitzen du. Gaur gaurkoz, Euskadik kontsumitzen duen energiaren % 8 sortzen du eta 2030erako % 32 sortu nahi du, Klimaren Europako Legean ezarritako helburuekin bat etorriz.
Joan den udaberrian amaitu zen Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren parte-hartze sozialaren lehenengo fasea, eta gaur egun bigarren partaidetza-fase bat planteatzen ari dira. Fase horretan, gizarteko hainbat eragilek eta erakundek ekarpenak eta alegazioak egiten jarraitu ahal izango dute, eta horien emaitza izango da behin betiko Lurralde Plan Sektoriala.
Plan horrek, Jaurlaritzaren arabera, etorkizunean Euskadin energia berriztagarrien instalazio berriak ezarri ahal izateko kokaleku berriak zehazteko bidea irekiko du.