Koronabirusa
LABIren Aholku Batzordea datorren asteartean bilduko da
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Pandemia Euskadin izaten ari den "bilakaera baikorra" nabarmendu du Urkulluk, baina baztertu egin du bilera lehenago egitea, Batzorde Zientifiko-Teknikoa ez baita oraindik batzartu.
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, LABIren Aholku Batzordea datorren astean bilduko da koronabirusari aurre egiteko neurriak arintze aldera. Lehendakaritzatik gerora zehaztu dutenez, bilera datorren asteartean, urriaren 5ean, izango da, 16:30ean hasita.
Euskadiko lidergo etikoaren III. kongresuaren inaugurazioan kazetariei egindako adierazpenetan, Urkulluk baztertu egin du batzarra lehenago egitea, txostena egin behar duen Batzorde Zientifiko-Teknikoa ez baita oraindik batzartu.
Halaber, ez du zehaztu nahi izan LABI instituzionalak egingo duen azken bilera izango ote den; izan ere, mahai gainean dago Osasun Publikoaren larrialdi-egoera bertan behera geratzea. "Ezin dut horrelakorik aurreratu. Batzorde Zientifiko-Teknikoaren irizpenaren zain nago", argudiatu du.
Dena dela, pandemia Euskadin izaten ari den "bilakaera baikorra" nabarmendu du, baina "tentuz" ibili behar dugula gaineratu du.
Irailaren 16an bildu zen azkenekoz LABIren Aholku Batzordea, eta, besteak beste, gaueko aisialdia 03:00ak arte zabaltzea onartu zuen.