SUTEA
Sute batek 12 autobus kiskali ditu eta beste bat kaltetu, Pesak Lemoan duen garajean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sua ezustean piztu da, ez da nahita eragindakoa izan, eta 4 milioi euroko kalteak eragin ditu. Bizkaibusek astelehen honetan zerbitzua normaltasunez emango duela bermatu du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
12 autobus kiskali eta beste bat kaltetu dira gaur goizaldean Pesa garraio konpainiak Lemoan (Bizkaia) duen garajean piztu den sute baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Salak jakitera eman duenez.
05:00ak aldera piztu da sua La Fletxa-Bolumburu industrialdean dagoen gunean ustekabean izandako gertakarian. Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko diputatuak argi utzi nahi izan du ez dela nahita eragindakoa izan: "Azken autobusa, Bolueta Metro geltokiko zerbitzua egitetik zetorrena aparkatu dutenean, hozte sistema eta aire girotua doazen sabaiko goiko aldetik sugarren bat ateratzen zen, eta hortik zabaltzen joan da, autobus horiek guztiak harrapatuz. Ezbeharra izan da".
Foru diputatuak eskerrak eman dizkie langileei zein berehala bertaratu diren suhiltzaileei euren lanari esker sua nahiko denbora motzean kontrolatzea lortu baitute, sugarrak bulegoetara iritsi aurretik.
Zorionez, ez da inor zauritu baina kalte materialak handiak izan dira, 4 milioi euro ingurukoak. "Kaltetutako 12 autobus arruntak dira, 350.000 euro inguru balio dutenak, eta bestea, hibridoa, 500.000 euro ingurukoa", azaldu du Gomez Viarrek.
Lemoako autobus garajean izan den sutea. Radio Euskadiko entzule batek bidalitako argazkia
Bizkaibus normaltasunez arituko da astelehenean
Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak ziurtatu duenez, Bizkaibusek normaltasun osoz eskainiko du zerbitzua astelehen honetan: "Zerbitzuak ia egun arrunt batean bezalakoak izango dira. Enpresa kaltetua Avanza taldearena da, Durangaldeko zonaldea egiten du, eta zerbitzu guztiak ateratzen saiatuko da. 81 autobus dituzte, eta astelehena, eskaera handieneko eguna, 75 autobusekin egiten dute. Beraz, 6 geratuko dira soberan eta zerbitzu guztiak emateko behar diren beste 7ak beste konpainia batzuetako autobusekin osatuko dira".
Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua bermatuta izango dela azpimarratu du.
Suhiltzaileak Lemoako autobus garajean izan den sutean lanean. Radio Euskadiko entzule batek bidalitako argazkia
BIDEOA: Autobusak sutan, goizaldean