estropatada
13.000 "bioahatek" Bilboko itsasadarra zeharkatu dute, gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketa babesteko
agentziak | eitb media
Berritasun gisa, egitasmoaren bederatzigarren edizio honetan landare-jatorriko materialekin ekoitzi dituzte gomazko ahatetxoak.
13.000 "bioahatek" Bilboko itsadarra zeharkatu dute igande honetan, The Walk On Project (WOP) taldeak antolatzen duen Estropatadaren bederatzigarren edizioan. Gaixotasun neurodegeneratiboetarako terapien inguruan ikertzera bideratzen du egitasmoak bildutako dirua.
Astelehenetik hasita eta gaurko egun osora luzatuz, ikerkuntzarako dirua biltzeko ticketak erosi ahal izan dira.
WOPetik adierazi dutenez, edizio honetan "bioahate" itxura hartu dute ohiko gomazko ahatetxoek, landare-jatorriko materialekin ekoitzi baitituzte.
Jardunaldiari hasiera emateko, enpresek apaindutako hogei "WOPaton"-ek lasterketa egin dute. Faes Farma, HPCDS eta Batz Zamudio taldeek irabazi dute lehen lehia hori. Jarraian, 13.000 "bioahate" jaurti dituzte itsasadarrera, eta ikuslego jendetsua izan dute ahateek ubidearen alde bietan, euria gora behera.
Ahateen ibilbidea Euskalduna Zubiaren parean abiatu da, Deustun bukatzeko. Estropatada amaitzean, Itsasmuseum museoaren pareko zelaiguneak haurrentzako gune bat hartu du, puzgarri, 'jumping', ohe elastiko, joko eta antzerkiekin.