Itxi

KORONABIRUSA

Jaurlaritzak osasun larrialdia bertan behera utziko du eta LABIren Aholku Batzordea desegin egingo da

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Pandemiari aurre egiteko indarrean dauden murrizketa gehienak indargabetuta geratuko dira ostegunetik aurrera.

Ostalaritzan dauden murrizketa gehienak bertan behera geratuko dira. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak duela urtebete pasatxo EAEn ezarritako osasun larrialdia bertan behera utziko du, eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea desegin egingo da. Lehendakaria buru duen LABIren Aholku Batzordeak azken bilera du gaur arratsaldean, eta horren ondotik egingo dute iragarpena.

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du 17:00etan, LABI instituzionalak Lehendakaritzan egingo duen bileraren ondoren.

Mahai instituzionala 16:30ean bilduko da, eta espero da neurri murriztaile gehienak ostegun honetatik aurrera indargabetzea.

Lehendakariaren asmoa da pandemia aro honetan LABIko teknikariek (funtsean osasun arloko arduradunak Jonan Fernandezek koordinatuta) zein LABI instituzionalak (besteak beste, Jaurlaritzako hainbat sailburu, Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Aldundietakoak eta hiriburuetako alkateak biltzen dituena) egindako  lana aitortzea.

Urkullu jendaurrean agertuko da, LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoko kide izan diren adituekin batera (batzorde horrek kutsatzeak geldiarazteko hartu beharreko neurriak aztertu eta proposatu ditu), bai eta ezarri beharreko murrizketei buruzko azken hitza zuten Aholku Batzordeko kideekin ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)