KORONABIRUSA
Zortzi positibo zenbatu dituzte Nafarroan, 2020ko uztailetik atzemandako kopururik txikiena
Onintza Aiestaran | EITB Media
Azken orduetan, beste pertsona bat ospitaleratu behar izan dute (guztira 29 dira), baina bakar bat ere ez ZIUn (sei izaten jarraitzen dute). Zorionez, ez da inor hil.
Koronabirusaren kutsatzeek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan. Azken orduetan zortzi positibo hauteman dituzte, asteazken honetan Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Gaurko zenbakia urtea hasi zenetik erregistratutako txikiena da. Are gehiago, 2020ko uztailaren 12ra arte egin behar da atzera horren kutsatu kopuru txikia aurkitzeko; sei zenbatu zituzten orduan.
Aurreko egunetako datuekin alderatuta, bezperan atzemandakoak baino lau positibo gutxiago dira eta igandean baino zortzi gutxiago.
Erietxeetako presioari dagokionez, 29 pertsona daude Osasunbideako ospitaleetan, bezperan baino bat gehiago. ZIUetan sei gaixo daude (asteartean bezainbeste). Gainera, ez da inor hil koronabirusagatik.
Datuak udalerriz udalerri aztertuta, Urrotzen zenbatu dituzte kasu gehien: bi. Halaber, positibo bana izan da Artikan, Beriainen, Uharten, Atarrabian eta Iruñeko Buztintxuri eta Azpilagaña auzoetan.
Bestalde, txertaketa kanpainak aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko 517.933 nafarrek dute pauta osoa Foru Erkidegoan.