Hezkuntza
"Herrian integratuta eta kolektibitatean oinarrituta" ikusten du Bildarratzek etorkizuneko eskola eredua
O.P. | Eitb Media
Antzuolako ikastetxera egindako bisitan, han ikusitako "diziplinartekotasunean, inklusibitatean eta balioetan" oinarritutako eredua goraipatu du eta esan du horiek direla etorkizuneko hezkuntza-ereduaren oinarriak.
Antzuola Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxera egin duen bisitan, Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuak nabarmendu du "hezkuntza ereduaz eta hezkuntza legeaz hainbeste hitz egiten ari garen garaiotan" Antzuolan ikusi duen ereduan dituela oinarriak etorkizuneko hezkuntzak.
Nabarmendu duenez, "herrian integratuta eta kolektibitate batean oinarrituak" egotea dira oinarri horiek. Gaineratu du, Antzuolako ikastetxekoaren gisako giza-talde inplikatuei esker lortzen direla "ikastetxe berriak, ikasle berriak eta hezkuntza komunitate oso baten inplikazioa".
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidaturik, bertatik beratara ezagutu ditu sailburuak handitze-lanekin sortu diren instalazio berriak, baita Antzuola HLHIn garatzen duten hezkuntza-proiektuaren ezaugarri nagusiak ere. Diziplinartekotasunean, inklusibitatean eta balioetan oinarritzen den hezkuntza ereduan, ikasleek eurek aukeratutako proiektuen bidez ikasten dute.
Antzuolan, ikasturte berria hastearekin batera estreinatu zuten eraikin berria joan den irailaren 8an bertako haurrek. Lanak amaiturik, 1.109 metro koadro gehiago dituzte orain herriko hezkuntza-instalazioek. Bisitan izan dira, era berean, Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntzako lurralde-ordezkaria eta Beñardo Kortabarria Antzuolako alkatea ere.
Larrialdi egoera amaitzearekin bat, Osasun sailarekin elkarlanean protokolo berriak idazten ari direla aurreratu du eta esan du, asmoa dela, "aste honetan bertan ikastetxeetara bidaltzea, astelehenetik aplikatzen hasi ahal daitezen".