Itxi

KORONABIRUSA

Covidak eragindako heriotzak 14ra jaitsi dira EAEn azken astean, uztail amaieratik izandako kopururik txikiena

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nabarmentzekoak dira ospitaleetako presioaren hobekuntza eta R0 indizearen igoera. Positiboak 100etik behera daude, eta intzidentzia metatua 60ra jaitsi da.

Astearte honetan 5.922 proba diagnostiko egin eta 99 positibo berri atzeman dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 14 heriotza izan dira covid-19aren ondorioz irailaren 27tik urriaren 3ra, astebete lehenago baino zazpi gutxiago, eta uztailetik izandako kopururik txikiena.

Jaitsieren artean ospitaleetako presioarena nabarmentzen da, hobera egin baitu. Covid-19arekin ospitaleratutako pertsonen kopurua (79) azken hiru hilabeteetako txikiena da. Guztira, 32 pertsona daude ZIUetan ospitaleratuta (aurreko egunean baino 2 gutxiago), 47 gela arruntetan daude (11 gutxiago) eta 9 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan (bezperan baino 11 gutxiago).

Joera on hori gorabehera, R0 indizeak 6 ehunen egin du gora egun bakar batean, 0,86tik 0,92ra igaro baita.

Adierazle horrek okerrera egin du hiru lurraldeetan. Gipuzkoan R0 indizea 1,06an dago (4 ehunen gehiago), Bizkaian 0,80an (3 gehiago) eta Araban 0,95ean (15 gehiago).

Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, astearte honetan 5.922 proba diagnostiko egin dituzte, 99 positibo berri atzeman dituzte (aurreko egunean baino 7 gehiago) eta positibotasun tasa % 1,7an geratu da.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerarekin jarraitzen du, aurreko asteetan baino pausatuago bada ere, eta 60,64 kasuan dago jada, astearte honetan 1,41 kasuko jaitsiera txiki bat erregistratu ondoren.

68,57ko intzidentzia metatua du Gipuzkoak (60 kasutik gora jarraitzen duen lurralde bakarra), eta Araba (55,72) eta Bizkaia (54,04) "gune berdean" daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)