Itxi

Sexu-abusuak Elizan

Aita Santuak adierazi du "lotsa" sentitzen duela Frantziako Elizaren baitan izandako sexu-abusuengatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Batzorde Independente batek egindako ikerketaren arabera, 1950etik 330.000 lagunek jasan dituzte apaizen eta erlijiosoen sexu-gehiegikeriak. Biktima gehienak adingabeak dira.

Frantzisko aita santua, sexu-abusuen biktimen alde otoitz egiten. Argazkia: EFE

1950. urteaz geroztik, Frantziako Eliza katolikoaren baitan 330.000 pertsona sexu-abusuen biktima izan direla egiaztatu du Batzorde Independente batek. Gainera, biktima gehienak (216.000 inguru) adingabeak direla zehaztu dute.  

Frantzisko aita santuak gaur hitz egin du lehen aldiz ikerketa horren harira, eta adierazi du "lotsa" sentitzen duela gertatutakoagatik. Halaber, Elizako erakundeak sexu-abusu horiek garaiz identifikatzeko gai izan ez izana deitoratu du.

"Nire tristura adierazi nahi dut biktimen jasan duten minagatik eta traumagatik. Lotsa ere adierazi nahi dut, nirea eta guztiona, Eliza biktimak erdigunean jartzeko gai izan ez delako", azpimarratu du asteazken honetan egindako audientzian.

Ikerketaren txostena atzo jaso zutela azaldu du eta datuak eskandalagarriak direla onartu du.

Eliza katolikoarentzat "lotsatuta egoteko garaia" dela esan du, eta gotzainei "ahalegin guztiak" egiteko deia luzatu die, "horrelakorik berriro gerta ez dadin".

"Frantziako apaiz guztiei nire babesa helarazi nahi diet. Proba gogorra izango da, baina osasuntsua ere bai. Katoliko frantziarrei arduraz jokatzeko gonbita luzatzen diet, Eliza pertsona guztientzat etxe segurua izan dadin", erantsi du.

 

Albisteak (1)