KORONABIRUSA
Ipar Euskal Herrian Lehen Hezkuntzako haurrek ez dute musukoa erabili beharko astelehenetik aurrera
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Bost egunez segidan 50en azpitik mantendu da intzidentzia, eta, beraz, Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharko ikasgeletan.
Azken egunotan arindu egin da Ipar Euskal Herrian arrisku maila. Bost egunez segidan 50en azpitik mantendu da intzidentzia, eta, ondorioz, astelehenetik aurrera, Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharko ikasgeletan, Frantziako Estatuko Aldizkari Ofizialean ostegun honetan argitaratutako zerrendaren arabera.
Irailaren 2an Ipar Euskal Herriko haur eta gazteek iazko protokolo ia berarekin ekin zioten ikasturte berriari, baina, arduradunek iragarri zuten aldaketak izango zirela egoera epidemiologikoaren arabera.
Hala, Frantziako Gobernuak irailean zenbait neurri arindu zituen birusaren intzidentzia baxua zen zonaldeetan. Pirinio Atlantikoetako departamentua, baina, eremu gorrian zen une hartan. Behin intzidentzia maila jaitsi eta zonalde gorritik irten bezain pronto, Ipar Euskal Herriko haurrek eskolara musukorik gabe joateko aukera izango zutela iragarri zuen, eta iritsi da eguna.
Eskolako neurriekin batera, edukieran ere aldaketak izango dira Ipar Euskal Herrian. Hala, dantzalekuetan edo musika emanaldietan, esaterako, ez da edukiera mugarik izango. Dena dela, prefetak esan duenez, jende pilaketak dauden eremuetan edo hiri erdiguneetan musukoa erabiltzen jarraitu beharko da. Gainera, ostatuetan, zinema-aretoetan edo museoetan osasun-ziurtagiria beharrezkoa izango da.
Gaur gaurkoz 61 pertsona daude erietxeetan, sei suspertze zerbitzuan, eta txertoaren lehen dosia biztanleriaren % 84ak jaso du.