Bakearen Nobel saria
Maria Ressa eta Dmitri Muratov kazetariak, 2021eko Bakearen Nobel saridunak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Adierazpen askatasuna eta demokrazia eta bakea babesteko egindako ahaleginengatik saritu ditu Norvegiako Batzordeak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maria Ressa kazetari filipinarrak eta Dmitri Muratov errusiarrak jaso dute ostiral honetan Norvegiako Batzordeak urtero ematen duen Bakearen Nobel saria, adierazpen askatasuna eta, orohar, demokrazia eta bakea babesteko egindako ahaleginengatik.
Filipinetan zein Errusian egindako "borroka ausarta" aitortu die epaimahaiak, eta prentsa-askatasuna "gero eta baldintza txarragoetan" defendatzen duten kazetarien adibide ere badirela esan du.
Aurten 329 hautagaitza aurkeztu zituzten (234 pertsona eta 95 erakunde), historiako hirugarren kopururik handiena.
Aurtengo Bakearen Nobel saridunak sari horien historiako 102. zenbakia egin du, eta guztira 135 pertsona eta erakunde saritu ditu. 2020an Bakearen Nobel saria NBEren Elikagaien Munduko Programarentzat izan zen.
BREAKING NEWS:
— The Nobel Prize (@NobelPrize) October 8, 2021
The Norwegian Nobel Committee has decided to award the 2021 Nobel Peace Prize to Maria Ressa and Dmitry Muratov for their efforts to safeguard freedom of expression, which is a precondition for democracy and lasting peace.#NobelPrize #NobelPeacePrize pic.twitter.com/KHeGG9YOTT
Muratoven esanetan, Errusian adierazpen askatasuna defendatzeko hil ziren kazetarien meritua da Nobel saria.
"Igor Domnikov, Yuri Shekochijin, Anna Politkovskaia, Anastasia Baburova eta Natalia Estemirova kazetariek jaso dute Nobel saria", adierazi du Muratovek Novaya Gazetaren webgunean.
Bestalde, Maria Ressak esan du "gertakarien eta egiaren borroka" irabaziko dutela, eta salatu du "gertaerak eztabaidagarriak" diren mundu batean bizi garela, eta, beraz, "kazetaritza aktibismo" bihurtu dela.
"Zailtasunen aitortza da, baina baita, zorte apur batekin, egiaren aldeko borroka nola irabaziko dugun ere", adierazi du Filipinetako kazetariak sariaren berri eman ondoren egindako bideo-elkarrizketa batean.
"Filipinetako eta Errusiako kazetari batzuek Bakearen Nobel saria irabazteak argi erakusten du gaur egun mundua eta Filipinak nola dauden", adierazi du Ressak. Kazetaria oso kritikoa da Rodrigo Duterte presidentearen gobernuarekin, eta hainbat prozesu judiziali egin behar die aurre bere herrialdean; gainera, azken urteetan bera atxilotzeko hamar agindu eman dituzte agintariek.
Kazetariak sare sozialetan (Facebooken, besteak beste) dagoen kontrol falta salatu du; izan ere, horren ustez, buloak eta gorrotozko mezuak argitaratzen dira eta demokraziak arriskuan jartzen dituzte, sare horiek agertu baino lehen kazetariek egiten zuten iragazki lana desagerrarazi baitute.
2021eko abendurako aurrez aurreko zeremoniak ahalik eta gehien murriztea erabaki dute antolatzaileek, covid-19aren pandemiagatik.