Itxi

Covid-19 iraunkorra

OMEk covid-19 iraunkorraren definizio ofiziala argitaratu du

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Erakundeak pos-covid-19 edo covid-19 iraunkorraren lehen definizio kliniko ofiziala idatzi du. Hala, gaixotasun hau dutenen aitorpena estandarizatzea eta tratamenduak erraztea nahi da.

Covid-19 iraunkorrak maizago eragiten die emakumeei eta adin ertainekoei. Pxhere

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) covid-19 iraunkorra gisa ezagutzen den 'pos-covid-19' gaixotasunaren lehen definizio kliniko ofiziala argitaratu du, mundu mailan egindako galdeketa batean ostean argitaratu ere. Gaixoei tratamendua erraztea da helburu nagusia. 

Janet Diaz doktoreak, OMEren kudeaketa klinikoko buruak eman du covid-19 iraunkorraren definizio osoa: "Covid-19 osteko gaixotasuna SARS-CoV-2aren infekzio-aurrekari probableak dituzten pertsonengan gertatzen da, normalean covid-19a hasi eta hiru hilabetera; eta gutxienez bi hilabete irauten dute sintomek, zeinak ezin diren bestelako diagnosi baten bidez azaldu. Sintoma ohikoenak nekea, arnasa hartzeko zailtasuna eta disfuntzio kognitiboa dira, baina gaixoaren eguneroko funtzionamenduan eragina izan ohi duten beste sintoma batzuk ere ager daitezke. Sintomak agertu berriak izan daitezke, covid-19 gertakari akutu baten hasierako errekuperazioaren ondoren ager daitezke, edo gaixotasunaren hasieratik bertatik iraun dezakete. Sintomak aldakorrak izan daitezke, hobetu eta okertu egin daitezke denborarekin. Haurrentzat, beste definizio bat aplika daiteke".

Covid-19 duten paziente gehienak erabat sendatzen dira, baina batzuek "epe luzerako eraginak izaten dituzte beren organismoan, biriketako sisteman, sistema kardiobaskularrean eta nerbio-sistemetan, bai eta ondorio psikologikoak ere". Ondorio horiek berdin gertatzen dira infekzioaren hasierako larritasuna edozein dela ere, eta maizago jasaten dituzte emakumeek, adin ertaineko pertsonek eta hasiera batean sintoma nabariagoak agertu zituztenek.

Diaz doktoreak azaldu duenez, definizio hau "aurrerapauso garrantzitsua" da gaixoen azterketa estandarizatzeko, eta OMEk espero du "medikuei eta osasun-langileei pazienteak ezagutzen laguntzea, tratamendu eta ebakuntza egokiak egiten hasi ahal izateko eta hartu beharreko bideak argiago izateko". Azpimarratu duenez, OMEk "arduradun politikoek eta osasun sistemek gaixo horiek artatzeko osasun eredu integratuak ezartzea eta aplikatzea" espero du.

Covid-19ak eragindako hasierako infekzioa detektatzeko hainbat proba dauden arren, ez dago inongo probarik geroko afekzioa detektatzeko, eta oraindik ez dago argi zerk eragiten duen eritasun iraunkor hau. "Birusaren iraunkortasuna da, edo mikrotrombosiak daude, edo arazoren bat sistema baskularrarekin?", galdetu du Diaz doktoreak, alor hori ikertzen ari diren zientzialarien ideietako batzuk zirriborratuz. "Edo, autoimmunitate arazoak daude? Edo gaizki funtzionatzen ari den eta sintoma batzuk eragiten ari den sistema immunologikoa da?", esan du Diazek.

Albisteak (2)