Urdangarin, epaitegian
Urdangarinek diru publikoa bidegabe erabili izana ukatu du asteburuan
Erredakzioa
Palmako dukearen defentsak estrategia argia izan du: enpresen kudeaketan erantzukizuna ukatu du eta Diego Torresi guztiaren errua bota dio.
Iñaki Urdangarinek bi egun igaro ditu Jose Castro epailearen aurrean deklaratzen eta Noos Institutuaren bitartez diru publikoa bidegabe erabiltzea agindu, onartu edo jakin izana ukatu du. Epaileak eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak delitu horiek leporatzen dizkiote 2003tik 2006ra Noos Institutuaren burua izan zelako.
Larunbatean Palmako epaitegian deklaratzen hasi zenetik, dukeak Noosen irregulartasunetan zerikusirik eduki izana ukatu du; ikertutako enpresen kudeaketaren ardura Diego Torren kide ohiari egotzi dio eta Cristina infanta emaztea jarduera profesional haietatik kanpo utzi du.
Aizoonen erantzukizuna onartu du
Epaitegietako iturrien arabera, erregearen suhiak Aizoon enpresaren ardura osoa berea zela esan du, nahiz eta jabegoa Cristina infantarekin erdibana eduki.
Castro epailearen galderei erantzunez, Urdangarinek Aizoon enpresa berak kudeatzen zuela onartu eta kudeaketa horren garbitasuna defendatu du.
Errege-etxearen abisua
Igande goizeko galdeketan, 2006an Noos Institutua utzi zueneko garaiaz aritu da Urdangarin. Erabaki hori errege-etxeak gomendatu ziola esan du, bi baldintza jarrita: erakunde publikoekin jarduera profesionala izateari eta Diego Torresekin zituen negozioak uzteko.
Diru publikoaren bidegabeko erabilera
Era berean, eta Palmako dukeak epaileari esandako hitzen arabera, berak ez zekien ezer ere diru publikoa bidegabe erabiltzeko sortutako enpresa sarearen inguruan. Enpresa horiek sortzea Urdangarini eta Diego Torres kide ohiari leporatzen diete.
Erru osoa, Diego Torresi
Larunbatean egin bezala, Urdangarinek azpimarratu egin du enpresen kudeaketan ez zuela parte hartu, hori Diego Torresen eta Miguel eta Marco Antonio Tejeiro anaia eta Torresen koinatuen lana zela. Galdeketan gai horren inguruan ateratako xehetasun batzuk ahaztu egin dituela era ziurtatu du.
400.000 euro Balearretako Gobernuari
Epaileak ere Balear Irletako Gobernuak Noosi 2006an kirol foru bat antolatzeagatik zor zizkion 400.000 euroko factura baten inguruan galdetu dio. Urdangarinek 'Pepote' Ballester orduko Kirol zuzendariari diru hori ordaintzeko presioa egiteko deitu izana ukatu du.
Fiskaltzaren txanda
Epaileak 17:10ean amaitu du bere galdeketa. Ordurako 14 ordu eta 20 minutuko zeramatzan Urdangarinen deklaratzen. Momentu horretan Balear Irletako ustelkeriaren kontrako Fiskalen txanda hasi da (Pedro Horrach, Joan Carrau eta Miguel Angel Subiran).