Osakidetza
Lehen Arretako lanpostuak betetzeko "zailtasun handiak" onartu ditu Sagarduik
Agentziak | EITB MEDIA
Osasun sailburuak esan du "arazoak" daudela psikiatrak topatzeko, batez ere haur psikiatrian espezializatutakoak.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aitortu duenez, Lehen Arretako lanpostuak betetzeko "zailtasun handiak" ditu Osakidetzak. Hainbat mediku erretiroa hartzen ari dira, eta horiek ordezkatzeko profesionalak falta dira; arazoak luze joko du, ohartarazi duenez. Era berean, "arazoak" daude psikiatrak topatzeko, haurtzaroan espezializatutakoak batez ere.
Sagarduik talde parlamentarioek egindako bi galdera erantzun ditu kontrolerako saioan, biak ala biak Lehen Arretaren ingurukoak.
Carmelo Barrio PP+Cs taldeko legebiltzarkideak Lurralde arteko azken Osasun Batzordean Lehen Arretari buruz adostutako adierazpenaren inguruan itaundu dio sailburuari. Jaurlaritzak abstentziora jo zuen.
Bestalde, Maria Garde EH Bilduko kideak buruko osasunari buruzko galdera bota du. Gogorarazi duenez, osasun profesionalek ohartarazi dute pandemiak areagotu egin dituela depresioa, beldurra edo antsietatea, eta batez ere, haurrengan eta nerabe-gazteengan atzeman dutela kasuen igoera hori.
Lehen galderari erantzunez, sailburuak azaldu du Ministerioak eta erkidegoek bat egin dutela Lehen Arretan eta Gizarte Osasunean espezializatutako profesionalen "falta" dagoela esatean. Sagarduiren hitzetan, arazoaren oinarrian Barneko Mediku Egoiliarren (BAME) inguruan egin zen planifikazioa dago, izan ere, espezializazio batzuetan "ez ziren kontuan hartu belaunaldi ordezkapenak". Osasun sailburuak uste du luzaroko arazoa izango dela.
Bigarren gaiari buruz, sailburuak aitortu du buruko gaitzen kopurua hazi egin dela pandemian zehar, baina azpimarratu du egoki artatzen ari direla hainbat baliabideren bidez. Horien artean aipatu du Bilboko eguneko ospitale psikiatriko berria; bertan buruko osasun arazo larriak dituzten ume eta nerabeak artatu ahalko dituzte erietxeratu gabe.
Dena dela, ondoez emozional eta nahasmen psikiatrikoak. Azken horiek ahotan, Donostiako zein Basurtuko ospitaleetan ume eta nerabeentzako psikiatria arretarako zerbitzua dagoela gogorarazi du, eta Santiagoko, Txagorritxuko eta Gurutzetako ospitaleetan antzerakoak jartzeko lanetan ari direla.
Horrez gain, Galdaoko erietxearen baitan eguneko bi ospitale sortzekotan daudela iragarri du. Bata elikadura nahasmenduak artatzeko izango da eta bestea, adikzioekin.
EH Bilduk neurri gehiago eskatu ditu buruko osasuneko arazoei aurre egiteko. Garderen iritzian, "gaur-gaurkoz Osakidetzak ez ditu bere osotasunean artatzen, sistema ez dagoelako horretarako prestatuta, batez ere Lehen Arretan".