Itxi

Helegiteak atzera bota ditu

Gorenak Pozoblanco auziko frogak babestu eta La Manadaren zigorra ez du berriro aztertuko

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

La Manadako lau kideri 2 urte eta 10 hilabete eta lau urte eta erdiko espetxe-zigorrak ezarri zizkieten. Clara Campoamor Elkarteko akusazioaren helegitea ere atzera bota du aretoak.

La Manadako bi kide. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

2016an, Pozoblancon (Kordoba), egindako sexu-abusuengatik La Manadako lau kideren zigorrak berriz aztertzea baztertu du Auzitegi Gorenak, helegiteek baldintzak betetzen ez dituztelako eta Lurralde Auzitegiak onetsi zuen bideoa zalantzan jartzen dutelako.

2016ko uztailean, Iruñean, gertatutako bortxaketaren harira, Gorenak akusatu bakoitzaren espetxealdia 15 urtera igo zuen. Oraingoan, aldiz, ez du Pozoblancoko abusuen epaia berriz aztertuko. Erasoa 2016ko maiatzean gertatu zen.

La Manadako lau kideri (Alfonso Jesus Cabezuelo, Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero eta Jesus Escudero) 2 urte eta 10 hilabete eta lau urte eta erdiko espetxe-zigorrak ezarri zizkieten.

Gai penaletarako aretoak ekainean hartu zuen erabakia, baina gaur jakinarazi dute. Defentsaren helegiteak ez ditu onartu, ezta herri akusazioarenak ere, "kasazio interesik" ez dutelako.

Nahiz eta alegazioen muina ez aztertu, Gorenak Kordobako Auzitegiaren jarduna babestu du hein handi batean. Hark instrukzio-epaitegiaren sententzia baieztatu zuen.

Helegiteetako batek gertakarien bideoari egiten dio erreferentzia, taldekideetako batek grabatua. Zigortuek froga baliogabe uztea eskatu zuten, ez zelako Poliziaren "aurkikuntza" izan, akusatuek poliziei mugikorrak entregatu zizkietelako, Iruñeko bortxaketa argitzeko.

Intimitatearen aurkako delitu bat egiteko "aldez aurretik adostasunik" izan zela defendatzen zuten zigortuek, baina Gorenak azaldu duenez, "guztien parte-hartzearen datu objektiboak" zeudela adierazi zuen Kordobako Auzitegiak dagoeneko, "guztiak paratu zirelako grabaketan". Jose Angel Prendak "gainerako guztien adostasunarekin eta onarpenarekin" grabatu zituen gertakariak, "biktima konorterik gabe zegoen bitartean", gaineratu duenez.

Orain dela gutxi, Prendak Sanferminetako bortxaketa aitortu zuen aurreneko aldiz, nahiz eta epaiketan ukatu, eta biktimari barkamena eskatu zion kartzelatik idatzitako gutun baten bidez.

Era berean, Clara Campoamor Elkarteko akusazioaren helegitea atzera bota du Gorenak. Zigorrei larrigarriak aplikatzea eskatu zuen akusazioak.

Albisteak (5)