Itxi

Migrazioa

Aita Marik 105 migratzaile erreskatatu ditu Maltako uretan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Halaber, Sea Watch 3 ontzi alemaniarrak beste 412 migratzaile erreskatatu ditu inguru berean 48 ordutan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aita Mari ontziak 105 migratzaile erreskatatu ditu goizaldean Mediterraneoan, Maltako uretan.

Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak ohar bidez azaldu duenez, Lampedusa irlaren hegoaldean nabigatzen ari zirela, arrantza-ontzi baten abisua entzun dute irratiz, txalupa bat noraezean ikusi dutela ohartarazita.

Migratzaileenganaino iritsi direnean, Maltako agintariekin harremanetan jarri da Aita Mariko tripulazioa, baina erantzunik jaso ez dutenez, txalupan zihoazen pertsona guztiak erreskate-ontzira eramatea erabaki dute.

Migratzaile guztiak gizonezkoak dira eta tartean bi adingabe daude. Nekatuta eta hainbat kolperekin agertu dira asko. Osasun azterketa bana eta covid-19aren probak egingo dizkiete guztiei.   

Aita Mari ontzia migratzaileak lehorreratzeko portu seguru bat bilatzen saiatuko da orain.  

Bestalde, Sea Watch 3 ontzi alemaniarrak beste 412 migratzaile erreskatatu ditu inguru berean 48 ordutan.

Urtea hasi zenetik 1.179 migratzaile hil dira Mediterraneoan, eta 39.694 portu ez-seguruetara eraman dituzte kostazainek.

Migratzaileak erreskatatzeko dispositibo bat abian jar dezala eskatu die Itsas Salbamendu Humanitarioak Europako agintariei, "Libia finantzatzeari utzita".

Halaber, migratzaileentzako pasabide seguruak sor ditzatela galdegin dute.  

Bideoak (1)