Hezkuntza
Hezkuntzaren etorkizuneko ereduaren oinarriak ezartzeko jardunaldiak antolatu ditu Eusko Ikaskuntzak
EITB Media
Gaur eta bihar artean egingo dituzte jardunaldiak, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, “Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen” izenpean.
Eusko Ikaskuntzak euskal hezkuntza sistemaz eztabaida bideratzeko jardunaldiak prestatu ditu asteburu honetarako. Gaur arratsaldea eta bihar bitartean, hitzaldi zein mahai-inguruak eskainiko dituzte Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen izenpean aurkeztu du sinposioa Eusko Ikaskuntzak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
Jardunaldien helburua hezkuntzako "lehentasunezko gaietan" sakontzea eta eztabaidatzeko gune bat abian jartzea da. Adituen ekarpenak eta herritarren azpimarrak jasoko dira bertan egingo diren ekitaldietan. Antolatzaileen arabera, eztabaidagaien inguruko begiradak jasotzea funtsezkoa da "nahi eta behar" den hezkuntza sistema irudikatzeko.
Gaur, ostirala, 16:00etan hasiko da sinposioa, eta, 18:00ak bitartean, hitzaldi ugari eskainiko dituzte hezkuntza segregazioaz, bereizkeriaz edota aniztasunaz; hona hemen egitarau osoa. Amaitzeko, hizlari eta partaideen arteko solasaldia egingo da.
Bihar emango diote segida egitasmoari, 09:30ean. Besteak beste, "Ezagutzaren gramatika partekatuaren bila?" mahai-ingurua eskainiko dute, 12:40an. Azken solasaldiaren ostean, 14:00etan amaituko dute sinposioa.
Jardunaldietan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena Eusko Ikaskuntzaren webgunean. Ekitaldi guztiak aurrez aurre jarraitu ahalko dira, edukiera bete arte, eta online parte hartzeko aukera ere izango da. Aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da euskarazko zein gaztelaniazko hitzaldietan.