klima aldaketa
Basque Green Deal Gunea, "Europako itun berdearen espiritua zabaltzeko foroa"
eitb media
Tabakaleran ireki duten Basque Green Deal Gunea espazioak EAEko hiriburuetatik ibilbidea egingo du, "Euskadirentzako garapen barneratzaile eta iraunkor baten beharra" azpimarratzeko.
Gaur hasita eta azaroaren 2ra arte, Basque Green Deal Gunea hartuko du Donostiako Tabakalera guneak, "Europako hitzarmen berdearen espiritua hedatzeko foroa". Erakusketak, hitzaldiek, tailerrek eta bestelako jarduerek hausnarketa eragin nahi diote bisitariari, "iraunkortasunarekin konpromezua hartzeko egunerokotasunean har daitezkeen erabakien inguruan". Eusko Jaurlaritzak bultzatu du ekimena, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin lankidetzan, eta "Euskadirentzako garapen barneratzaile eta iraunkor baten beharra" nabarmentzea du helburu.
Igande honetan, Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Egunean, aurkeztu dute proiektua Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak. Iragarri dutenez, erakusketak EAEko hiriburuetatik ibilbidea egingo du, urte amaierara arte.
"Basque Green Deal-ek Europako Hitzarmen Berdean dauka erreferentzia-puntua, eta Euskadiko errealitateari egokitutako bide-orria diseinatu eta aurkeztu dugu Europan". Sailburuak azpimarratu duenez, "euskal gizarteak ekimen honetan aktiboki parte har dezan nahi dugu; energetikoa, ingurumenezkoa, industriala eta teknologikoa baita, baina, batez ere, soziala".
Eusko Jaurlaritzak, gainerako erakundeen eta gizartearen babesarekin, eredu "berdea eta iraunkorra indartu" nahi du. Horretarako, igande honetan gipuzkoar erakundeekin sortutakoaren gisako atxikimenduak bultzatu nahi ditu. "Biztanleriarekin ituna egitea proposatu nahi dugu, ditugun helburu handiak egi bihurtzeko: 2030ean kontsumituko dugun energiaren % 20 berriztagarria izatea, eta 2050ean zero igorpen netoen muga gainditzea", erantsi du.
Tapiak azpimarratu du Euskadi Europako erregiorik "aktiboenetako bat" dela "trantsizio klimatikoan" (The Climate Group sareak anbizio klimatikoan lider diren munduko 18 erregioetako bat bezala kokatu du), eta Eusko Jaurlaritzak "aldagai klimatikoa era integralean" aplikatzen duela bere politika guztietan.
Azaldu duenez, "mugikortasun elektrikoaren edo 'smart grids'-en abangoardian kokatu nahi dugu; geure ibai eta portuak babestu eta, era berean, ingurumena eta eremu naturalak errespetatzen dituzten nekazaritza eta basozaintza praktikak sustatu".
Bestalde, sailburuak aurkezpena aprobetxatu du iragartzeko Eusko Jaurlaritzak, astearte honetako kontseiluan, Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Lehen Plana onartuko duela eta, gainera, "konpromezua" hartuko duela Euskadiko industria "zero igorpen netoen aldeko apustuaren lider industrialen artean" kokatzeko.