KORONABIRUSA
15 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz Euskadin azken astean, aurrekoan baino zazpi gehiago
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Intzidentzia metatua 10 puntu baino gehiago igo da, 76,10 kasuraino, baina R0 indizea 1,15etik 1,06ra jaitsi da. Egun paziente kritikoak 30 baino gutxiago dira, baina gela arruntetan 48 gaixo izatetik 81 izatera pasatu dira.
15 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan urriaren 15etik 21era bitartean, hau da, urriaren 8tik 14ra bitartean erregistratutakoak baino zazpi gehiago.
Gainera, covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak gora egin du 14 egunetan: 100.000 biztanleko 76,10 kasukoa da orain; aurreko astean, berriz, 63,64 kasukoa zen.
Adierazle hori modu konstantean igo da urriaren 12tik (beherakada txikia izan zen 22an), eta okerrera egin du lurralde guztietan. Arabak du oraindik daturik onena, 47,2 kasu (aurreko astean baino 1,2 gehiago) baititu, eta Gipuzkoak txarrena, 93,14 kasu (20 gehiago). Bizkaiak 71,5 kasuko intzidentzia metatua izan du igande honetan (+10,6).
Hala ere, oinarrizko birsorkuntza indizea (R0) 1,15etik 1,06ra jaitsi da, nahiz eta 1etik gora egon urriaren 13tik. Arabak 1,10ekoa zuen igandean, Bizkaiak 1ekoa eta Gipuzkoak 1,14koa; beraz, hiru lurraldeetan covid-19a duen gaixo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du.
Datu horiek Osakidetzaren asteroko buletin epidemiologikoan jasotzen dira. Astelehen honetan argitaratu dute buletin hori, eta urriaren 18tik 24ra bitartean covid-19ak Euskadin izan duen intzidentziaren berri ematen du.
Denbora tarte horretan, koronabirusarekin kutsatutakoen kopuruak % 24 egin du gora Euskadin, 927 positibo berri izan baitira, urriaren 11tik 17ra bitarteko astean baino 180 gehiago. Positibotasun tasa, berriz, % 4,7an zegoen igande honetan, aurreko igandeko % 3,7aren eta duela bi asteko % 2,4aren aldean.
Urriaren 18tik 24ra bitarteko egun guztietan 100 kutsatze berri baino gehiago izan dira egunero, eta egun batzuetan oso kopuru handiak izan ziren: asteazkenean, esaterako, 169ra iritsi zen, eta asteartean eta ostegunean, 149ra.
Pandemiaren gorakada horrek asistentzia-presioan ere du isla. Igandean, hilaren 17an, ospitaleetan covid-19a zuten 74 paziente izatetik 105 izatera igaro gara; hau da, % 41,8 gehiago.
Egoerak hobera egin du ZIUetan, 26 pazientetik 24ra igaro baita, baina zaildu egin da gela arruntetan, 48 gaixo izatetik 81 izatera igaro baitira. Igande honetan, berriz, 13 paziente berri ospitaleratu dituzte, duela astebete baino 5 gehiago.
Birusaren eraginez eremu gorrian dauden udalerriei dagokienez, Urnietari (Gipuzkoa) Agurain gehitu zaio Araban, eta Ondarroa (Bizkaia) eta Lazkao (Gipuzkoa) ere ageri dira eremu horretan.
Azken egunotan, Eusko Jaurlaritzako hainbat kargudun, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, kezkatuta agertu dira pandemiaren bilakaerarekin, eta osasun-neurriak betetzeko deia egin dute.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehen honetan adierazi duenez, "trantsizio-garaian gaude, eta joera goranzkoa da". "Joera motela izaten jarraitzen du, baina adierazleen goranzko joerarekin", adierazi du.
Ildo horretan, sailburuak gogorarazi du pandemia ez dela amaitu, eta gorakada hori "abisutzat" hartu behar dela.
Sagarduik "arrazoia edozein dela ere" oraindik covid-19aren txertoa hartu ez duten pertsona guztiak animatu ditu txertoa har dezaten. "Txertoa hartzera gonbidatzen ditugu, beraiengatik eta besteengatik".
Horregatik, sailburuak esan du osasun neurriak betetzea eta txertaketa dela joera hori gelditzeko eta iraultzeko modu bakarra.