ERUPZIOA
Laba masa handi bat uhartearen mendebalderantz doa, konoa hautsi ostean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atzo arratsaldean konoa hautsi ostean, labak gainezka egin du eta luiziak izan dira. Dena dela, haustura horiek ohikoak izaten dira halako prozesuetan, zientzialarien arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sumendiak La Palma suntsitzen jarraitzen du. Azken orduetan sumendiaren konoa hautsi ondoren, laba ibaia mendebalderantz doa, aurreko isuriaren eta Todoqueko mendiaren goiko aldetik igarotzen den isuriaren gainetik.
Azken 24 orduetan, sumendiaren kono nagusiaren aldaketak eta birkonfigurazioak isla nabarmena izan du erupzioaren bilakaeran. Atzo arratsaldean konoa hautsi egin zen, eta, hori dela eta, labak gainezka egin du eta luiziak izan dira. Hala ere, ez dute eraginik izan hegoalderantz doan isurketa berrian.
Irailaren 19an sumendiaren erupzioa hasi zenetik hainbat haustura izan dira konoan, baina zientzialariek normaltzat dute horrelako prozesuetan halakoak gertatzea.
Bestalde, Kanarietako Gobernuak adierazi duenez, La Lagunako isurketak ez du aldaketa nabarmenik izan, eta, gainerako isurketak bezala, monitorizatzen jarraitzen dute, neurri berriak hartu beharko balira ere.
Segurtasun Nazionaleko Departamentuak (DSN) jakitera eman duenez, sumendiak isuritako gas eta errauts zutabea 3.800 metroko altueraraino iritsi zen atzo, eta eguraldiak airearen kalitatea hobetu duela gehitu du.
30 lurrikara baino gehiago gauerditik
Mugimendu sismikoei dagokienez, Espainiako Geografia Institutu Nazionalaren azken datuen arabera, astearte goizaldean 36 lurrikara izan dira; horietako bat, 4,2 gradukoa, Villa de Mazo udalerrian nabaritu dute gehien, eta 36 kilometroko sakoneran gertatu da.
Horrela, lurpeko mugimenduak ez dira baretu Cumbre Viejako hegoaldean, batez beste 10 eta 15 kilometro arteko sakoneran izaten ari dira, eta ez dute baztertu 6 graduko lurrikarak ere izatea.