Itxi

arnas-birusa

Zertan datza bronkiolitis akutua eta nola saihestu daiteke?

eitb media

Leer en Castellano

Osakidetzak bronkiolitis akutu kasu asko detektatu ditu aurten Euskadin, izan ere, "bikoiztu egin dira, aurreko urteetako data berberekin alderatuta".

Bronkiolitisa larriagoa izaten da 6 hilabetetik beherako haurrengan. Argazkia: Pixabay

Bronkiolitis akutua bi urte baino gutxiagoko haurrei eragin ohi dien arnas infekzio bat da. Birus baten ondorioz, kaltetu egiten dira biriketako bronkio txikiak. Gehienetan, Arnas Birus Sintzitialak eragiten du bronkiolitisa, eta epidemietan agertu ohi da, urritik martxora bitartean. Osakidetzak bronkiolitis akutu kasu asko detektatu ditu aurten Euskadin, izan ere, "bikoiztu egin dira, aurreko urteetako data berberekin alderatuta".

Arnas Birus Sintzitiala airearen bidez transmititzen da, eta sintoma nagusiak eztula eta arnasteko zailtasuna dira. Kutsatzea jariakinen bidez (mukiak, esate baterako) zein eskuen bidez gerta daiteke.

Pertsona helduek birusa harrapatu dezakete eta, kasu horietan, sintomak arinak izango dira. Hala ere, kutsatze-iturri izan daitezke haur txiki batentzat, eta bronkiolitisa eragin diezaioke birusak.

Bronkiolitisa larriagoa izaten da 6 hilabetetik beherako haurrengan, eta kutsatze-iturri nagusia haur handiagoak izaten dira; neba-arrebak, sarritan.

Hasieran, eztula eta sudurreko mukiak agertu ohi dira, katarro arruntaren sintomak, eta sukarra ere ager daiteke. 2-4 egunen buruan, baliteke arnasa hartzeko zailtasuna agertzea; haurrak azkarrago arnasten duela eta jatea kostatzen zaiola nabarituko dugu halakoetan. Batzuetan, "txistu-hotsak" entzuten dira haurraren bularrean, edo arnasa hartzeko zailtasuna antzematen zaio (arnasa hartzean, saihetsak hondoratzen ditu, edo sabela mugitzen).

Sintomek astebete edo bi aste iraun ohi dute gehinez, baina, kasu batzuetan, eztula iraunkorragoa izaten da eta lau astera arte luza daiteke.

Tratamendua eta prebentzio-neurriak

Egun, ez da bronkiolitisaren aurkako sendagairik. Haur gehienek gaixotasun arin bat besterik ez dute jasango, neurri orokorrak erabilita gaindituko dena (sudurreko garbiketa edo arnasketa-kontrola, batik bat).

Edonola ere, eskuak sarritan garbitzea komeni da. Halaber, tabako-kea saihestu behar da, sintomak okertu baititzake.

Osakidetzak gomendatu duenez, ahal dela, haurra ez da beste ume batzuekin kontaktuan egon behar (hau da, ez da haurtzaindegira joan behar prozesuak dirauen bitartean). Haur txiki baten neba-arreba kutsatuta egonez gero, hobe da harekin distantzia gordetzea, ahal den neurrian.

Halaber, prebentziorako giltza izan daiteke epidemia-garaian hotzeria duten haur nagusiekin eta pertsona helduekin kontaktua ekiditea. Arina izan arren, birusaren infekzio-foku izan daiteke, eta haur txikiari bronkiolitisa eragin diezaioke.

Albisteak (1)

Bideoak (1)