KORONABIRUSA
Jaurlaritza erne dago intzidentziaren gorakadaren aurrean, baina ez du prebentzio neurri gehiago aurreikusten
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PP+Cs eta Vox alderdiek pandemiaren kudeaketa kritikatu dute berriro, azken egunetako kutsatzeen hazkundearen aurrean.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak "erne" jarraitzen duela covid-19aren intzidentziaren gorakadaren aurrean, baina "oraingoz" ez duela beharrezkotzat jotzen prebentzio-neurri berriak martxan jartzea.
Horixe azpimarratu du sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Laura Garrido PP+Cs taldeko legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez. "Zergatik jotzen du birusak modu bortitzagoan Euskadin?", galdetu dio Garridok.
Sagarduik erantzun dionez, "ez du zentzurik" egoera epidemiologikoa beste erkidego batzuenarekin alderatuta aztertzeak, birusaren portaerak lurralde guztietan "hazkunde eredu berak jarraitzen dituelako", "asteen edo egunen arabera".
Hala ere, asistentzia-egoerari buruzko lurraldeen arteko alderaketa eginez esan du Euskadin 100.000 biztanleko hileko ospitalizazio-tasa % 2,7koa izan dela urrian, Estatuko batez bestekoa % 4,4koa bada ere.
Covid-19aren bilakaeraren aurrean "erne" jarraitzen dutela azpimarratu du, baina gaineratu du oraingoz ez dela neurri murriztaile berriak hartzea aztertu.
"Pandemiaren bilakaerari adi jarraituko dugu, gaur egun ditugunak baino prebentzio neurri handiagoak behar diren erabakitzeko", azaldu du Amaia Martinez Voxek Eusko Legebiltzarrean duen ordezkari bakarraren galdera bati erantzunez.
Martinezek "inprobisazioa" leporatu dio Eusko Jaurlaritzari pandemiaren kudeaketan, eta "zalantzan" jarri du EAEko Pandemia Legea, Auzitegi Konstituzionalak bigarren alarma egoera Konstituzioaren aurkakotzat jo ondoren.