Itxi

Koronabirusa

"Mundu mailako seigarren olatu baten aukeraz" ohartarazi du lehendakariak

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Euskadin intzidentzia metatua gorantz doala eta, "lehen arretan presioa" ez igartzea espero du Iñigo Urkulluk.

Bi pertsona nagusi osasun zentro batetik ateratzen, Lazkaon. Artxiboko argazkia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi duenez, baliteke "mundu mailako seigarren olatu bat" izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), intzidentzia tasa metatuaren gorakada kezkagarria dela erantsi du.

Foro Nueva Economia jardunaldietan egindako adierazpenetan, izurriaren egoera izan du hizpide lehendakariak.

Gogorarazi duenez, covid-19aren eragina gorantz ari da egiten EAEn, eta azken 14 egunetan pilatutako tasa 90 kasukoa da 100.000 biztanleko. R0 indizeari dagokionez (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua), 1etik gora dago.

Intzidentzia metatuaren gorakada lehen arreta ez tenkatzea espero du lehendakariak, oraingoz "osasun presioa baxua" dela aitortu badu ere.

Covid-19aren azken datuak

Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, EAEn 224 kasu hauteman ziren atzo, azaroak 4; 187 izan ziren bezperan eta intzidentzia metatua 88,9 kasukoa da 100 000 biztanleko, asteazkenean baino hiru puntu gehiago. 11 urtez azpikoen artean, halere, 177,97koa da intzidentzia. 

19 lagun erietxeratu eta beste 18 pertsonek senda agaria jasota, 141 lagun zeuden atzo ospitalean, horietatik 27, larri, bezperan baino bat gehiago. 

Nafarroan 59 kasu zenbatu ziren atzo, bezperan baino 11 gehiago eta intzidentzia bi puntu igo da azken egunean, 84,09an kokatu arte; 11 urtez azpikoetan 149,04koa da. 

Bost lagunek behar izan zuten atzo ospitaleratzea eta beste hiruk senda agirira jaso zuten; hala, 25 pertsona zeuden atzo Nafarroako erietxetan covid-19agatik, larri horietatik 6, bezperan adina. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)