Kargatzen...
Itxi

KORONABIRUSA

Intzidentzia 100 kasutik gorakoa da Euskadin, Gipuzkoa buru dela, 174raino iritsita

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aste honetan hamar pertsona hil dira covid-19aren ondorioz, eta R0a 1,06tik 1,22ra igo da. Hala ere, ospitaleko presioa mantentzen da: 24 pertsona zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta daude eta 90 gela arruntetan.

Hiru pertsona kafe bat hartzen Gasteizen. Argazkia: EFE.

Euskadiko intzidentzia-tasa metatuak 100 puntuko muga gainditu du eta 100.000 biztanleko 109koa da, aurreko asteko 86 kasuen aldean. Gainera, Gipuzkoa da zerrendaburu 174,33 kasuko intzidentzia metatuarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren asteroko azken buletin epidemiologikoaren arabera.

Euskadik hamar heriotza erregistratu zituen covid-19aren ondorioz urriaren 1etik 7ra bitartean, aurreko astean baino hiru gehiago, eta positibo berrien kopuruak ere gora egin du, aurreko asteko 979tik 1.424ra igo baita. Izan ere, joan den astean ehun positibo baino gehiago atzeman zituzten egun guztietan, nahiz eta kopururik handiena 4an erregistratu zen, 307rekin.

Atzo egindako proba diagnostikoen araberako kutsatzeen ehunekoa % 6,2koa zen, aurreko igandeko % 5,5 baino ia puntu bat handiagoa.

Horrela, pandemiaren adierazle guztiak igo dira, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako pertsonak izan ezik, 26tik 24ra jaitsi baitira.

Buletinak adierazten duenez, covid-19ak jotako 90 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratuta, duela astebete zeudenak baino lau gehiago.

Nabarmentzekoa da 6-12 urteko taldean jasotako intzidentzia metatu handia, 300 kasutik gorakoa (302,30), aurreko astean 174,5ean baitzegoen. Datu horrek baieztatzen du oraindik txertaketa-estrategian sartuta ez dauden adin horretako haurren artean birusaren hedapena oso handia dela.

14 eguneko intzidentzia tasa altuena Gipuzkoari dagokio, 174,33 kasurekin (116,45 aurreko astean), baina 79,46raino igo da Bizkaian (75,54 joan den astean), eta bi lurraldeak alerta horian daude. Araba, 62,99 kasurekin (54,21 kasu duela astebete), eremu horira pasatu da.

Azken zazpi egunetako intzidentzia-tasa metatuari dagokionez ere gora egin du, aurreko asteko 44,51 kasuetatik azken asteko 64,74 kasura.

Oinarrizko birsorkuntza indizea (R0) ere igo egin da eta 1,22ra iritsi da (1,06 aurreko astean); tasen arrazoia (egungo 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena) 1,26koa da, aurreko asteko 1,14aren gainetik.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi du "goranzko joera" izan dela kutsatzeen kopuruan. Horregatik, esan du ez duela baztertzen Gabonetan neurri murriztaileak hartzea egoerak okerrera egiten jarraitzen badu.

5.000 biztanletik gorako EAEko bost herri eremu gorrian daude, eta, beraz, birusaren transmisio handia dute: Agurain, Abadiño, Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga.  Astigarragako kasua da kezkagarriena; astebetean 254,5etik 1.108 kasu izatera igaro da, euskal populazio guztien artean daturik altuena.

Covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia inokulatu zaien EAEko herritarren kopuruari dagokionez, 106.569 pertsona dira dagoeneko, hau da, astebetean beste 35.860 dosi jarri dituzte.

Txertaketa-buletinak datu horiek jasotzen ditu, eta jakinarazten du Osakidetzak aurretiko hitzordu-sistema jarri duela Janssenen dosi bakarreko txertoa jaso zuten 99.000 pertsona ingururi bigarren dosia injektatzeko.

Bien bitartean, hirugarren dosiak jartzen diardute duela sei hilabete baino gehiago txertoa jaso zuten 70 urtetik gorakoei edo covid-19aren aurkako sendotze-ziztada gehigarria behar duten immunodeprimituei.

Lehendakariak "zuhurtzia" eskatu du

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak "zuhurtzia" eta "erantzukizuna" eskatu dizkie herritarrei, berriz ere murrizketak onartu behar izatea "saihesteko".

"Prebentzioa, zuhurtzia eta pazientzia, birusa gurean baitago oraindik", ohartarazi du agintariak.

Horren esanetan, oraindik ere funtsezkoa da musukoa erabiltzea, distantzia fisikoa mantentzea eta jende pilaketak saihestea, Gabonetara "berme" handiagoekin heltzeko.

"Garaiz gaude, gure esku dago egoerari buelta eman eta murrizketak hartu behar izatea saihestea", nabarmendu du.

Sigue las recomendaciones ante el coronavirus de las autoridades sanitarias. Si vives en la CAV y presentas síntomas, llama a tu centro de salud habitual. También el Consejo Sanitario atenderá a las personas en el teléfono 900 20 30 50, ofreciendo información y resolviendo dudas sobre el coronavirus. Si vives en Navarra, llama al teléfono del Consejo Sanitario: 948 290 290. Recuerda que la manera más eficaz para prevenir la propagación de la covid-19 es la utilización de la mascarilla, airear los espacios, guardar la distancia de seguridad y el lavado de manos.

Albisteak (4)