Itxi

EPAIKETA

Ardinesen hilketaren ustezko eragilea jeloskortasunak itsututa zegoen

Leer en Castellano

Astelehen honetan ikerketan parte hartu duten agenteen txanda izan da. Horietako batek Pedro Nieva ustezko eragilearen "nahasmen eta etsipen" egoeraren berri eman du, haren emazteak biktimarekin zuen harremana ezagutu ostean.

Epaiketaren artxiboko irudi bat. Iturria: EFE

Javier Ardines Llaneseko IUko zinegotzi ohiaren hilketa argitzeko epaiketak laugarren saioa hartu du astelehen honetan Oviedoko Probintzia Auzitegian. Gaur, ikerketan parte hartu duten Unitate Zentraleko hainbat agenteren txanda izan da.

Horietako batek adierazi du auziaren ikerketa itxita dagoela. Horren esanetan, Pedro Nieva akusatua "etsita" zegoen, emazteak biktimarekin harreman sentimentala zuela ohartu eta gero.

"Abenduaren 8an emaztearen desleialtasunaren berri izan zuenetik, Pedro nahasita zebilen. Etsita eta nahigabetuta zegoen", azaldu du. Agentearen arabera, akusatua egun horretan bertan hasi zen Interneten espioitza tresnak begiratzen.

Lekukoaren arabera, emakumeak "Pedro, zer egin duzu?" galdetu zion senarrari, Ardinesen hilketaren berri izan zuenean.

Jesus Muguruza akusatuari dagokionez, krimenaren ostean "bitartekari paper argia" izan zuela azaldu du poliziak. D. Benatia akusatuak J. Muguruzari ehun aldiz deitu zion egun hartan, eta M. Kelii laugarren akusatuari Bartzelonara arte lagundu zion, Espainiatik ihes egiteko handik, azpimarratu duenez.

Ikerketako beste polizia baten hitzetan, zinegotzia hiltzeko sarea agerian utzi zuten Djilali B. ustezko sikarioaren adierazpenek.

Guardia Zibilaren esanetan, atxiloketaren ostean, Djilali B. akusatuak krimena aitortu zuen. Onartu zuenez, 2018ko uztailaren 27an Llanesera joan zen tokia ezagutzeko eta Ardinesei eraso egiteko modua aztertzeko.

Ikerbidean ez zuten krimenaren bezperan Ardinesekin sexu-harremanak izan zituen emakumearen galdeketa osoa sartu, poliziak erantsi duenez. Haren intimitatea babesteko egin zuten, nahiz eta bere DNA krimenaren lekuan agertu. Era berean, Ardinesen alargunari eta bi seme-alabei min handiagoa ez zieten eragin nahi.

Haren hondar biologikoak zinegotziaren atzazaletan zein hesi batean aurkitu zituzten. Aurkitutako DNA bakarrak Ardinesenak eta emakumearenak izan ziren.

Mugikor bat, piperbeltz espraiak eta bidaiak: sikarioetako baten aurkako frogak

Telefono mugikorraren kokapenak, bi piperbeltz espraik eta Aljeriara edo Suitzara egindako bidaiek Maamar K. ustezko sikarioaren arrastoan jarri zituzten ikertzaileak.

Gijongo komandantziaren Polizia Judizialeko buruzagiak azaldu duenez, krimena gertatu zen goizean, Maamar K. bi aldiz deitu zion Djillali B. ustezko beste sikarioari.

Gainera, Maamar K. hiru hilabete geroago, azaroaren 18an, Aljeriara joan zen Valentziako portutik, eta 600 euro eskudirutan ordaindu zituen arrastorik ez uzteko, ikertzaileen arabera. Abenduaren 23an, Espainiara itzuli zen, eta 2019ko urtarrilaren 14an berriro alde egin zuen, baina Suitzara, Poliziaren ekintzatik ihes egiteko asmoz.

Polizia Judizialeko buruzagiak nabarmendu duenez, ustezko sikarioaren etxebizitzan bi piperbeltz esprai topatu zituzten. Ardinesi egindako segada prestatzeko hesietan aurkitutako osagai kimiko berdinak zituzten espraiek. Horrela, biktima autotik jaistera behartu zuten.

Hilketan arma zuririk ez erabiltzeak ikertzaileen arreta bereganatu zuen, baina Maamar K. ustezko sikarioak aurrekariak zituen, indarkeriaz egindako lapurretengatik. Horregatik, haren profila erasoan kokatu zitekeen, objektu batekin buruan kolpea eta besaurrearekin itotzea.

Albisteak (3)