Itxi

Erresidentziak eta covid-19a

Adinekoen egoitza txikiagoak proposatu ditu Arartekoak pandemiaren eragina murrizteko

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Izurriak zentro horietan izan duen intzidentzia aztertu du Herri defendatzaileak eta hainbat irakaspen atera ditu "etorkizuneko pandemien lagungarri" izan daitezkeenak.

Txertaketak "nabarmen" hobetu zuen zentroen egoera. Artxiboko argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Adinekoentzako egoitza txikiagoak edo bizikidetza-unitate ezberdinduak dituztenak gako izan daitezke, Arartekoaren arabera, "etorkizuneko pandemia eta epidemiei aurre egiteko" eta euren ondorioak murrizteko.

Manu Lezertuak zuzentzen duen Herriaren Defendatzaileak txosten zabala egin du pandemiak Euskadiko 299 adineko pertsonentzako egoitzatan, publiko zein pribatu, izan duen eragina aztertzeko.

Euskadin egindako lehen ikerlana da, eta Espainia-mailan egindako "azterlan bakanetako bat", Arartekoaren arabera. 2020ko martxotik, pandemia lehertu zenetik, 2021eko urtarrilera, txertaketa kanpaina abiatu zenean, egindako txostena da. Azken horren harira, "aldaketa nabarmena" atzeman zela azpimarratu du azterlanak.

Txostena egiteko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, hiru foru-aldundiek eta egoitza-zentroetako hainbat ordezkarik aurkeztutako datuak eta informazioa erabili dituzte. Horrez gain, egoitzetan egindako galdetegi bat ere hartu dute kontuan. Datuak emateaz gain, "ikasitako hainbat lezio" bildu ditu etor litezkeen beste pandemia batzuetan lagungarri izan daitezkeelakoan.

Arartekoaren ustez, "beharrezkoa da zentroen eredu arkitektoniko eta funtzionalaren inguruan hausnartzea, kutsatzeko arriskuan duten eragina dela eta". Hala, txikiagoak diren edo bizikidetza-unitate ezberdinduak dituzten egoitzak dituen eredu baten alde egiteko deia egin du.

Era berean, langileak ordezkatzeko erabilitako prozedurak kutsatze-mailan eragina duela ondorioztatu dute, egiaztatu baitute kutsatze arriskua handiagoa dela ospitaleekin eta beste zentro batzuekin langileak partekatzen badira.

Azterlanak ez du topatu loturarik "zentroen titulartasun (publikoa edo pribatua, merkataritzakoa ala ez)" eta kutsatzeko eta hiltzeko arriskuarekin. Beste faktore batzuek badute eragina: zentroa dagoen osasun-eremuko egoera, edo bisitetan ezarritako mugak.

Halaber, ezinbestekotzat jo dute egoitzek zentro bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako prebentzio planak edukitzea eta "langileriaren formazioa hobetzea". 

Pandemia EAEko egoitzetan

Martxoko lehenengo asteetatik 2021eko urtarrilaren 10era arte, zentroen % 66,7k izan zuen covid-19 kasuren bat, hau da, 299 zentrotik 199. Hiru egoitzetatik bik gutxienez koronabirus kasu bat izan dute, eta kutsatutako egoiliarrak % 25 inguru izan dira, kutsatutako biztanleria osoaren % 5.

Koronabirusa diagnostikatuta zuten 938 erabiltzaile hil dira epealdi horretan.

 

Albisteak (3)