Epaiketaren bosgarren saioa
Guardia Zibilak "arrazoi sentimentalak argi ikusi" zituen Ardinesen krimenean
Agentziak | EiTB Media
IUko zinegotziaren bizitza pertsonala ikertu ondoren, "lerro sentimentala argi ikusi zen hasieratik", azaldu du guardia zibil batek.
Javier Ardines IUko zinegotziaren hilketaren ikerketan, Llanesen (Asturias), parte hartu zuten Guardia Zibileko UCO taldeko zenbait agentek adierazi dutenez, "arrazoi sentimentala argi ikusi zen hasieratik". Llalnesko zinegotziaren etxetik, Belmonte de Priako parrokiatik, gertu hil zuten Ardines 2018ko abuztuaren 16an. Bestalde, ustezko sikarioetako bat galdeketan behartu izana ukatu dute guardia zibilek.
Oviedoko epaitegietan bosgarren saioan, UCO taldeko teniente batek eta sarjentu batek deklaratu dute. Horien esanetan, Ardinesen ingurune soziolaborala eta auzoa ikertu zituzten aurrena, eta ez zuten "inolako kriminalitate zantzurik" aurkitu.
Ondoren, IUko zinegotziaren bizitza pertsonala ikertzen hasi ziren, eta "lerro sentimentala argi ikusi zen lehen ikerketetatik", azaldu du guardia zibil batek.
Abiapuntua Pedro N. A. ustezko eragileak bere mugikorrarekin 2017ko abenduan jatetxe batean grabatu zuen audioa izan zen. Haren emazteak, zinegotziaren emaztearen bigarren lehengusuak, eta Ardinesek sekretuan harreman bat zuten susmoak baieztatu zituen horrela hilketaren ustezko eragileak.
Pedro N. A. jelosiak itsututa, "erotuta", zegoela azaldu zuten ikertzaileek atzoko saioan, desleialtasuna "ezin zuelako burutik kendu".
Akusazioen arabera, 2018ko uztailean, Pedro N. A. auzipetuak egitasmoa aurrera eramateko erabakia hartu zuen, bere emazteak uda Belmonte de Prian, Ardinesen etxetik gertu, pasatu behar zuela jakinda, eta Jesus M. akusatuarekin harremanetan jarri zen horretarako, diru truke lan egingo zuten sikarioak bilatzeko.
Horietako batek, Djilali B.k, epailearen aurrean aitortu zuen berak eta Maamar K. herrikide aljeriarrak bakoitzak 25.000 euro kobratu zituztela, eta bitartekariak 10.000 euro jaso zituela. Maamar K. Suitzan atxilotu zuten, beste hiru akusatuak ez bezala.
Atxilotu ostean, Djilali B. auzipetuak esan zuen enkargua zinegotziari "jipoi bat ematea" izan zela, baina ikertzaileek ez zioten sinesgarritasunik eman, Ardines itota hil zutelako; beraz, hiltzeko asmoa zuten, UCOko tenientearen iritzian.
UCOko sarjentuak, aldiz, Djilali B. galdeketan "presionatu" edo "behartu" izana ukatu du. Auzipetuak behin baino gehiagotan eten du guardia zibila oihuka. Hiru aldiz ohartarazi ostean, epaimahaiko presidenteak Djilali B. aretotik kanporatu du.
UCOren arabera, ez dago zalantzarik 2018ko uztailaren 27an hilketaren plangintza egin zutela. Pedro N. A. eta Jesus M. Belmonte de Priara joan ziren, Djilali B.rekin eta Maamar K.rekin batera, Ardinesen ordutegien eta ohituren berri emateko.