Koronabirusa
Frantziak hirugarren dosia eskatuko du, 65 urtez gorakoek eta zaurgarriek osasun-ziurtagiria berritzeko
Agentziak | EiTB Media
Neurria abenduaren 15ean sartuko da indarrean. Macronek txertoa jartzeko eskatu die oraindik jaso ez duten 6 milioi herritarrei. Frantzian asteko intzidentziak % 40 egin du gora.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur iragarri duenez, covid-19aren aurkako hirugarren dosia beharrezkoa izango da 65 urtetik gorakoek eta pertsona zaurgarriek osasun-ziurtagiria berritu ahal izateko. QR kodea beharrezkoa da toki publikoetan sartzeko.
Neurria abenduaren 15ean sartuko da indarrean, Macronek telebistan egindako agerraldian esandakoaren arabera. Frantziako agintariak oraindik txertoa jaso ez duten 6 milioi herritarrei txertoa jartzeko eskatu die. Frantziako Estatuan asteko intzidentziak % 40 egin du gora.
"Kopurua alerta-abisu bat da, baita ospitaleratzeen gorakada ere", ohartarazi du Frantziako estatuburuak.
Abenduan kanpaina bat abiatuko dute 50-64 adin tarteko frantziarrek hirugarren dosia har dezaten; izan ere, "ZIUetan dauden pertsonen % 80k baino gehiagok" 50 urte baino gehiago dituzte.
Frantziako presidenteak ohartarazi duenez, Europa dagoeneko "bosgarren olatua" jasaten ari da. Pandemia Alemania eta Erresuma Batua gogor astintzen ari da, Macronen hitzetan. Horregatik, "ez erlaxatzeko" eskatu die herritarrei.
"Distantzia gordetzeko keinuekiko errespetua estu zainduko dugu. Guztiak erlaxatu gara, normala da, baina berriz heldu behar diegu ohiturei", esan du.
Frantziarrek koronabirusaren aurkako borrokan azaldutako konpromisoa txalotu, eta txertaketa tasa nabarmendu du, herritarren % 75 inguru txertatuta daudelako, baina osasun-txartelaren kontrolak "areagotu" egingo direla erantsi du.
"Ezin dugu egoera kontrolatu, gutako bakoitzak ez badu berea egiten", gaineratu du. Apirileko hauteskundetara begira egindako hitzaldia izan da, martxan jarritako erreforma ekonomikoak eta proiektuak luze azaldu dituelako.