Sare sozialak
YouTubek ez du erakutsiko publikoki "ez dut atsegin"en zenbakia
Agentziak | EITB Media
Google konpainiak espazio "inklusibo eta errespetutsua" nahi du sortzaileentzat. Defendatu du erabakiak plataformari "mesede" egingo diola.
YouTubek berrikuntza bat dakar plataformarako: "ez dut atsegin"en zenbakia publikoki erakusteari utziko dio bideoetan. Aldaketa hori gradualki ezarriko dute, botoia desagertuko ez bada ere.
Webguneak erabakia hartu du "ez dut atsegin" botoiarekin egindako esperimentua egin ostean. Aldaketak eduki-sortzaileak "jazarpengandik eta erasoengandik" babesteko balioko zukeen ikertu nahi zuten.
Esperimentuaren emaitzek beherakada erakusten dute botoiaren erabileran sortzailea erasotzeko helburuarekin. YouTube plataformak iruzkinak jaso ditu sortzaile txiki eta hasi berrien partetik, erabiltzaileengandik "bidegabeki" erasoak jasotzen zituztela argudiatuz.
Google konpainiak bere blogean azaldu ditu "ez dut atsegin"en zenbakia ez erakusteko arrazoiak: "Uste dugu plataformari mesede egingo diola. Espazio inklusibo eta errespetutsua eraiki nahi dugu, non sortzaileek aukera duten aurre egiteko eta konfiantza duten haien ideiak azaltzeko".
Beren aldetik, erabiltzaileek botoi hori erabiltzen jarraitu ahal izango dute, besteak beste, sortzaileei erakusteko zer iruditu zaien ikusitako bideoa.