Koronabirusa
Gaueko aisialdian covid ziurtagiria ezartzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Osasun Departamentuko arduradunak ostalaritzako ordezkariekin bildu berri dira, eta neurria "aztertzekotan" geratu dira eurak ere. Santos Indurain kontseilariak ere aukera hori aipatu du Parlamentuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaueko aisialdian covid ziurtagiria (koronabirusaren kontrako txertoa jasota dugula egiaztatzen duena) ezartzea "aztertzen" ari da Nafarroako Gobernua, Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak aitortu duenez.
Artundok jakinarazi du duela gutxi arlo horretako ostalaritza ordezkariekin bildu, eta "aztertzekotan" geratu zirela eurak ere. Osasun zuzendariaren hitzetan, Nafarroako datu epidemiologikoak "argiak dira" eta intzidentzia eta ospitaleratzeak gora egiten ari diren "joera eztabaidaezina" agerian utzi dute. Hori horrela, transmisioa eteten lagun dezaketen bestelako neurriak hartzeko prest dago Osasun Departamentua, covid ziurtagiria, barne.
Ildo beretik mintzatu da Santos Indurain Osasun kontseilaria ere. Nabarmendu duenez, izurriaren goranzko joeraren aurrean "egoera lasaitzea eta lortutakoari eustea dagokigu" eta horretarako prest azaldu da "edozein agertoki aintzat hartzeko eta leku jakinetan covid ziurtagiria bezalako neurri kolektiboak hartzeko".
Indurainek Nafarroako Parlamentuan egin ditu adierazpenok, Marisa de Simon I-Eko bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez. Kontrolerako saioan, ziurtagiriaz itaundu dio ezkerreko alderdiaren kideak eta, behar izatekotan, babesteko prest dagoela azpimarratu du.
Osasun kontseilariaren aburuz, "ekuazioa argia da: txertatuta ez egoteak eta maskara ez erabiltzeak ospitaleratzeak dakartzate eta baita hiltzeko arrisku handiagoa. Horren kontrara, txertatuta egoteak, maskara erabiltzeak eta aire zabalean egoteak kutsatzeak murrizten dituzte, eta egotekotan hain larriak ez izatea dakar".
Ohartarazi duenez, hotzaren ondorioz gehiago egoten gara barnealdean, eta horrek mugikortasunarekin eta interakzio sozialarekin batera, transmisioa areagotzen du. Horri guztiari, arnas aparatuko beste gaixotasun batzuk erantsi behar zaizkio. Indurainen esanetan, "luzaroan itxarondako eta merezitakoa izan da baina orain egoera lasaitzea eta lortutakoari eustea dagokigu".
"Dena den, murrizketez harago, herritarrek eta administrazioak bat egin behar dugu berriro konpromiso bateratu batean: hainbesteko esfortzuarekin lortutakoa galtzea saihestu behar dugu, eta horretarako arriskua dakarten jarrerak baztertu behar ditugu", nabarmendu du.