Itxi

KORONABIRUSA

Covid pasaportearen erabileraren gaineko erabakia Espainiako Estatuari dagokiola uste du lehendakariak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Covid pasaportea eta langile jakin batzuen txertaketa Espainiako Estatu osoan modu "bateratuan" erabakitzearen alde agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria, eta "zaila" ikusten du Euskadik horrelako neurriak hartzea, "estatu mailako" erabaki baten barruan egon ezean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak "erabaki bateratua" eskatu du astelehen honetan, "Espainiar Estatu osoan", langile jakin batzuei txertoa jartzeko aukerari buruz, edo covid pasaportearen eskakizun "orokorraren" gainean, Europako beste leku batzuetan egiten ari diren moduan.

Jan Jambom Flandriako ministro eta presidenteari Lehendakaritzan harrera egin ostean egindako agerraldi publikoan, Urkulluk onartu du Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela covid-19aren egoerarekin; izan ere, kasu positiboak gora egiten ari dira narbamen. Azken astean ia bikoiztu egin dira positiboak eta ospitaleetako presioa ere hazten ari da, gaur argitaratutako azken datuen arabera.

Testuinguru horretan, Osasun Sailak agindu bidez "jarraibide batzuk" ezarriko ditu astearte honetan, prebentzio-neurriak indartzeko, intzidentzia tasa altua duten zortzi udalerritan.

Eusko Jaurlaritzak kutsatzeak saihesteko lanean jarraitzen duela azpimarratu badu ere, birusak "hor jarraitzen" duela gogorarazi du. "Txertoa ez da erabateko irtenbidea", ziurtatu du.

Hori dela eta, oraindik txertatu gabe daudenak txertoa hartzera animatu ditu, eta "transmisioa" eteteko prebentzio neurriak mantendu behar direla azaldu du. Besteak beste, maskarak barnealdean jartzeko deia egin du, eta kanpoaldean ere horretara gonbidatu ditu herritarrak.

Bestalde, lehendakaria pozik agertu da Pedro Sanchezen Gobernuak 12 urtetik beherakoen txertaketa iragarri duelako, agian abenduaren erdialderako, eta txertoaren hirugarren dosia jartzen jarraitzen dutela nabarmendu du, hartu beharreko prebentzio neurrien "osagarri bat" dela zehaztuz.

Covid pasaportea eta langile jakin batzuen txertaketa Espainiako Estatu osoan modu "bateratuan" erabakitzearen alde agertu da, eta "zaila" ikusten du Euskadik horrelako neurriak hartzea, "estatu mailako" erabaki baten barruan egon ezean.

"Estatu osoan erabaki bateratua merezi duten eztabaidak dira. Eskumen mugatuak ditugu eta, une honetan, gainera, osasun-larrialdean ez gaudenez, ezin da Eusko Legebiltzarrean ekainaren 24an onartutako pandemiaren aurkako Legea aplikatu ", azaldu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (1)