Koronabirusa
Kataluniako Hipra txertoaren entseguko II. fasean parte hartuko du Biocrucesek
Agentziak | EiTB Media
Estatu osoko hamar ospitaletako 1.075 boluntariok parte hartuko dute, Euskadiko 110 tartean. Sagarduiren ahotan, "covidaren aurkako txerto berri bat garatzen laguntzeko aukera berri bat da".
Biocruces Bizkaia Osasun Institutua Pfizer txertoa jaso duten boluntarioak bilatzen ari da, Hipra Kataluniako konpainiaren txertoaren entsegu klinikoaren II. fasean parte hartzeko.
Espainiako Sendagaien Agentziak (Aemps) entsegu klinikoa II. fasera pasatzea onartu du astelehen honetan. Estatu osoko hamar ospitaletako 1.075 boluntariok parte hartuko dute, eta Euskadiko 110 izango dira tartean.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gaur iragarri duenez, II. faseari oniritzia eman diote, eta ikerketaren zati honek ia 15 milioi euroko inbertsioa izango duela nabarmendu du.
Pifezerrekin txertatutako pertsonetan, Hipraren hirugarren dosiak koronabirusaren aurrean erantzun immunologikoa luzatzen ote duen egiaztatzeko helburua du ikerketak, Osasun Sailak jakitera eman duenez. Gotzone Sagardui sailburuaren hitzetan, "covidaren aurkako txerto berri bat garatzen laguntzeko aukera berri bat da".
Herritarrak entseguan parte hartzera animatu ditu Osasun sailburuak, Espainian garatutako txerto baten aurrenekoa II. fasean. Interesa dutenak (18 urtetik gorakoak) Biocrucesekin telefonoz harremanetan jarri beharko dira.
III. fasea
Bestalde, lantaldea II. fasearekin "ilusioz gainezka" dagoela azaldu du Hipra konpainiak, Toni Maneu Giza Osasun alorreko zuzendariak esan duenez. II. fasea Gabonetan gainditzea espero dute. Horregatik, dagoeneko "III. faseko protokoloa" prestatzen hasi direla baieztatu du Maneuk.
III. fasean sartzeko beharrezko denborari dagokionez, Maneuk "hilabete edo hilabete eta erdi" beharko dituztela esan du, "errekrutatze abiaduraren arabera". Hala eta guztiz ere, Gabonetarako gertatzea espero du, aste honetan eta hurrengoaren artean 1.075 boluntarioak "txertatzen" hasi nahi dutelako.
Horrela, hamar ospitaleak irizpideak betetzen dituzten pertsonak hautatzen hasiko dira lehenbailehen. Gaixotasuna pasatu ez duten eta Pfizerren bi dosiak hartuta dituzten boluntarioei hirugarren dosia emango diete, bigarren dosia hartu eta 182 egunera, gutxienez, eta ez 365 egun baino gehiagora.
18 urtetik gorako 1.075 boluntario aztertuko dituzte, Pfizer-BioNTechen Comirnaty txertoa duela 6 hilabete jasota dutenak eta gaixotasuna igaro ez dutenak, hain zuzen ere.
Txerto berria 2 eta 8 graduren bueltan kontserbatu ahalko da (horrek asko erraztuko ditu logistika eta banaketa lanak), eta 2022ko lehen seihilekoan eskuragarri izatea nahi dute, dagozkion baimenak lortu ondoren.