Itxi

KORONABIRUSA

Covid ziurtagiria baimentzeko eskatuko dio gaur Jaurlaritzak Euskadiko Auzitegi Nagusiari

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei osasun baimena eskatzea aztertzen ari dira.

Ipar Euskal Herrian heritarraj covid ziurtagiria erakusten. Artxiboko irudia: EITB Media

Intzidentziaren gorakadaren aurrean, gaur eramango du Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusira covid ziurtagiria ezartzeko lege-babesari buruzko galdera.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteartean aurreratu bezala, EAEko Auzitegi Nagusiari bermea eskatuko dio hainbat eremutan covid-19 ziurtagiria eskatu ahal izateko. Jaurlaritzaren asmoa honakoa da: gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei eskatzea.

Covidaren bilakaera areagotzen ari den honetan, gero eta gehiago dira zenbait egoera edo sektoretan covid zirutagaria eskatu nahi duten gobernuak, eta zenbait lekutan jada baimenduta dago. Ipar Euskal Herrian, adibidez, dagoeneko beharrezkoa da zinemara, antzerkira edo estadio batera joateko pasaportea erakustea, baina baita taberna, kafe edo jatetxe batean zerbait hartzeko ere. Espainiako Estatuan, berriz, Katalunian, Galizian edo Murtzian gaueko aisialdirako lokaletan sartzeko ari dira eskatzen.

Neurri hori aplikatu ahal izateko, baina, epailearen baimena beharrezkoa zela ziurtzat jo zuen Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearen hitzetan, Auzitegi Gorenak irailaren 14an emandako epai batean legoke covid ziurtagiria hainbat jardueratan eskatzeko "aurrekari judiziala". Epai horren bidez, Galiziako zenbait aisialdi- eta jatetxe-establezimendutan covid-19 pasaportea erakusteko betebeharra onartu zuen.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakaria "itxaropentsu" agertu da neurria ezarri ahal izateko auzitegiaren babesa izateko aukeraren aurrean. Orain arte hartutako neurriak, azken hori barne, "orekatuak eta proportzionatuak" izan dira, eta Auzitegiak ere horrela ulertzea espero duela erantsi du.

Hainbat jarduera egiteko ziurtagiria beharrezkoa izan daitekeela eta, honen deskargak nabarmen igo dira Euskadin. Azken bi egunetan 10 aldiz biderkatu dira eta eguneko 22.000 deskarga erregistratu dira (azken hilabete honetako batez bestekoa 2000koa zen).

Datuek okerrera egin eta gero, gaur izango da Osakidetzak covidaren bilakaerari buruzko datuak emango dituen lehendabiziko osteguna, alarma-egoera bertan behera geratu zenetik.

100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiago dituzten udalerrietan pilaketak saiheste aldera, gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu berri bat onartu du, aurrekoa osatzen duena. Beraz, gaur izango dugu zerrenda berri horren berri, eta jarraibide berri horiek non jarraitu beharko dituzten ezagutuko dugu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Audioak (1)