Kontsumoa
Teknologia enpresak "Black Friday"-ari aurre egin nahian, mikrotxipen krisiaren aurrean
Agentziak | EITB Media
Mikrotxipen produkzioan Asiakiko dependentziak aurrekaririk gabeko egoera sorrarazi du. Intelek eta TMSCk AEBn fabrikak eraikiko dituztela iragarri dute. Europar Batasunak, bestalde, munduko produkzioaren % 20 kontzentratu nahi du.
Black Friday-aren eta Gabonen bueltan, teknologia enpresak mikrotxipen krisiari ari dira aurre egiten. Pandemiak horien produkzioa murriztu zuen, eta teknologia-produktuen eskaria igotzeak mikrotxipen eskasia eragin du.
Enpresa handiek eta banaketa-enpresek stocka bildu dute datozen kanpainei begira, produktuen hornidura bermatzeko. Ordea, batzuek ez dute hain begi bistako irtenbiderik. "Produktu guztiak ez dira izango eskuragarri", adierazi du Lenovok. Beste enpresa batzuk baikor agertu dira, eta ez dute uste mikrotxipen eskasiak Black Friday kanpainari asko eragingo dionik.
Irtenbideen bila
Asiarekiko eta Txinarekiko dependentzia handiak aurrekaririk gabeko egoera sorrarazi du. Txipen hornidura kontinente hartan kontzentratu da betidanik. Azken 30 urteetan berrikuntza, produktibitatea eta aurreztea ahalbideratu ditu produkzio modelo hark, Semiconductor Industry Association (SIA) eta Boston Consulting Group (BCG) taldeek egindako ikerketa baten arabera. Halere, mikrotxipen krisiak produkzioan eta ikerkuntzan eragin lezake.
Pandemia dela eta, eskariaren igoerak eta garraio-arazoek (edukiontzien falta, prezioen igoera, erregaien prezioa) are gehiago larriagotu dute hornidura krisia. Mikrotxipen fabrikatzaileak inoiz baino gehiago produzitzen ari dira, baina zaila da mundu mailako eskariari erantzutea.
Mikrotxipak egiteko fabrikak eraikitzeak edo handitzeak luze joko du, erabiltzen den punta-puntako teknologiagatik. Krisiak berdin jarraitzekotan, "garai mingarria" izango da 2022 amaierara artekoa, Matt Murphy Marvell Technology enpresako zuzendari kudeatzailearen arabera. Horren ustez, industria ez da 2023-2024ra arte berreskuratuko.
Gauzak horrela, herrialdeak eta enpresak jada lanean hasi dira Asiako produkzioarekiko independenteago izateko. Europar Batasunak, 20-30 urteetako estrategiaren baitan, "subiranotasun teknologikoa" nahi du lortu, mikrotxipen munduko produkzioaren % 20 kontzentratuz.
Badirudi AEB dela teknologia konpainien helmuga. Intelek iragarri du 20.000 milioi dolarreko inbertsioa egingo duela Arizonan bi fabrika eraikitzeko. TMSCk ere (Taiwan Semiconductor Manufacturer Co.) 12 milioiko instalazioa egingo du bertan; gainera, 100 bilioi bideratuko ditu datozen hiru urteetan bere produkzio-gaitasuna handitzeko.