Koronabirusa
Gasteizko Ardoaraba azoka bertan behera utzi dute pandemiaren eraginez
Agentziak | EiTB Media
Gasteiz On elkarteak azaldu duenez, "erantzukizunagatik eta pertsonen osasuna arriskuan ez jartzeko" hartu dute erabakia. Urtaranen hitzetan, erabakia "ez zuen inork nahi, baina guztiz asmatu dute".
Ardoaraba azokako antolatzaileek ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute, pandemiaren bilakaerak sortu duen "zalantza" egoera ikusita. Azoka Abenduko zubian egitekoak ziren. 150eko intzidentzia gainditzen duten udalerrietan ekitaldi mota hauek ez egitea eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Iaz ere ezin izan zuten azoka ospatu. Gasteiz On elkarte antolatzaileak erabakia baieztatu du ohar batean. Azaldu duenez, "erantzukizunagatik eta pertsonen osasuna arriskuan ez jartzeko" hartu dute erabakia.
Arabako Errioxako, txakoli eta sagardo upategiak biltzen ditu azokak, hiriko toki ezberdinetan jarritako karpatan.
Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen ahotan, erabakia "ez zuen inork nahi, baina guztiz asmatu dute". Antolatzaileek "azaldutako erantzukizuna eta egindako esfortzua", aitortu du hiriko agintariak.
Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 150 positiboko intzidentzia metatua gainditzen duten udalerrietan jarduera jendetsuak ez egiteko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak, jateari eta edateari lotutakoak batez ere. Une honetan, Gasteizek 138,6 kasuko intzidentzia du.
Iñigo Urkulluren Gobernuak hartutako erabakiaren ondoren bertan behera geratzen den hirugarren ekitaldia da; izan ere, Tolosako babarrun azoka eta Murgiako jaiak asteburuan egitekoak ziren, baina ez dira ospatuko.