Itxi

Koronabirusa

Aste honetan erabakiko du Sendagaien Europako Agentziak Pfizer txertoa jarri dakiekeen 5 eta 11 urte artekoei

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Haurren % 10 txertatuta daude jada AEBn. Europan, Austriako Osasun Sistema txertoa jartzen ari zaie jada 12 urtez azpikoei, EMAren baimenari itxaron gabe.

Pfizerren txertoa. Argazkia: EFE

Pfizer txertoa 5-11 adin tartean erabiltzeko aukeraren inguruan erabakia astelehenean estreinatuko dugun astean egingo du publiko Sendagaien Europako Agentziak (EMA). Hala iragarri zuen ostegunean Marco Cavaleri Txertaketa Estrategiako arduradun nagusiak. Aste amaieran iritsiko da, ziur aski, erabakia.

AEBetan azkar doa txertaketa eta jada adin tarte horretako haurren %10 txertatuta daude. Txinan eta Kuban ere ari dira haurrak txertatzen.

Europan EMAren erabakiaren zain dira herrialde guztiak Austria izan ezik. Bertako Gobernuak ez du itxaron eta astelehenetik txertoa jartzen ari zaie hala nahi duten 12 urtez azpiko haurrei, herrialdea jasaten ari den koronabirus tsunamia geldiarazteko estrategiaren baitan. Egoera oso larria da, izan ere, Austrian, eta astelehenetik aurrera berriz ere konfinamendu orokorra izango dute herritar guztiek.

Sendagaien Europako Agentziak baiezkoa ematen badio Pfizerren txertoa haurrekin erabiltzeari, helduei jartzen zaien dosiaren herena jarriko zaie horiei. Txertoak % 90,7ko eraginkortasuna du haurrengan.

Estatu Espainiarrean 6-12 urte arteko adin tartea da, hain zuzen ere, 100.000 biztanleko intzidentzia metatu tasa altuena duena, 166 kasurekin. EAEn zein Nafarroan dezente altuago da zifra hori, gainera.

Gauzak honela, osasun agintariek uste dute haurrak txertatzeak, udan gazteen txertaketarekin gertatu zen bezala, kutsatzeak nabarmen jaitsiko lituzkeela.

Adinez nagusi direnei dagokienez, hirugarren dosia jartzen ari dira jada 60 urtetik gorakoei eta errefortzu dosi horiek "gakoa" izango direla nabarmendu du Cavalerik. Adituek uste dute litekeena dela hurrengo asteetan adin hori jaisten joatea eta, azkenean, 18 urtetik gorako guztiei jartzea hirugarren dosia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)