KORONABIRUSA
Bi ikastetxe itxi dituzte Bidarten eta Uztaritzen, hainbat koronabirus kasu hauteman ostean
Onintza Aiestaran | EITB Media
Gutxienez astebetez egongo dira itxita bi ikastetxeak eta baita bi udalerrietako aisialdi guneak ere. Pirinio Atlantikoko Departamentuan intzidentzia metatua 221 kasukoa da.
Hego Euskal Herrian ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere koronabirusak gizartean hedatzen jarraitzen du. Testuinguru horretan eta hainbat koronabirus kasu hauteman ostean, Bidarteko Jean Jaccachoury eskola eta Uztaritzeko ikastola ixtea erabaki dute, Lapurdin. Gutxienez astebetez egongo dira itxita bi ikastetxeak eta baita bi udalerrietako aisialdi guneak ere.
Bidarteko Jean Jaccachoury eskolako Patxi Thicoipe irakasleak Euskadi Irratiari azaldu dionez, ama eskolan atzeman zituzten lehen positiboak (15) eta gerora Lehen Hezkuntzan ere agertu dira covid kasuak. Bi zikloak bereizita egon arren, eskolaurrean senide txikiagoak dituzten anaia-arreben bitartez koronabirusa Lehen Hezkuntzan ere zabaldu dela azpimarratu du Thicoipek. Hori dela eta, erabaki dute zentroa guztiz ixtea.
Gaur-gaurkoz, bi ikastetxe eta 27 ikasgela daude itxita Ipar Euskal Herrian.
64 gaixo daude ospitalean koronabirusagatik, eta horietatik bost zainketa berezien unitatean. Pirinio Atlantikoko Departamentuan intzidentzia metatua 221 kasukoa da.