Emakumeen aurkako indarkeria
Emakumeen aurkako 4.000 delitu izan dira EAEn, eta sexu-abusuek gora egin dute
EITB MEDIA
Kasu gehienetan, emakumeek tratu txarrak jasan dituzte eta erasotzaileak bikotekideak edo bikotekide ohiak dira. Halaber, sexu-askatasunaren aurkako delituek % 17ko igoera izan dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urtea hasi zenetik bi emakume hil dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan.
2021eko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak 4.003 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeriarekin lotuta eta 3.265 biktima izan dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Aurtengo datuak eta 2020koa oso antzekoak direla zehaztu dute.
Lurraldez lurralde, delitu nahiz biktima kopururik handienak Bizkaian zenbatu dituzte; baina ehunekoa kontuan hartuta indarkeria matxistarekin lotutako delituak Araban egin dute gora gehien, eta ondoren Gipuzkoan; Bizkaian, aldiz, pixka bat jaitsi egin dira.
Urtea hasi zenetik bi emakume hil dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta beste lau hilketa saiakera izan dira. Otsailaren 12an 56 urteko emakume bat hil zuen senarrak Sestaon. Bi seme-alaba zituen. Urriaren 12an, berriz, 37 urteko emakume bat hil zuten Gasteizen. Honek ere bi seme-alaba zituen. Ez zuten salaketarik jarri aurretik, eta Poliziak ez zekien indarkeria matxistaren biktimak zirela.
Delitu-motaren arabera, 2021eko epealdi horretan, Ertzaintzak jasotako salaketa gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria-kasuengatik jaso dira, zehazki 2.838; eta horietako gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak izan dira, eta, ondoren, askatasunaren kontrako delituak, hala nola mehatxuak, koakzioak, behartutako ezkontzak edo jazarpena.
Emakumeen kontrako gainerako eraso gehienak etxean gertatu dira (bikotekidearena edo bikotekide ohiarena kenduta); aurten 853 kasu erregistratu dira eta igoera % 4,7koa izan da.
Horrez gain, 2021eko eta 2020ko datuak alderatuta, Ertzaintzak ohartarazi du sexu-askatasunaren kontrako delituetan gorakada nabarmena izan dela: 312 kasu erregistratu dira, % 17,7 gehiago, eta horietako gehienak sexu-abusuak.
Biktimei babesa eta erasotzaileei bijilantzia
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 7,9 milioi euroko aurrekontua du deliturik larrienen biktima diren emakumeak babesteko sistemak finantzatzeko.
Azken zifren arabera, 5.038 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa bat jarri ondoren edo poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren.
Emakume horietatik 3.516k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.522k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.
Ertzaintzak modu integralean eskaintzen du babesa. Kasurik larrienetan, arrisku handiena duten emakumeei bizkartzain-zerbitzu iraunkorra edo puntuala jartzen zaie. 61 emakume daude une honetan bizkaritzainarekin: 48 Bizkaian, 7 Araban eta 6 Gipuzkoan.
Halaber, kontrazaintza-zerbitzua ezartzen zaie (129 emakume daude egoera honetan: 85 Bizkaian, 8 Araban eta 36 Gipuzkoan) edo babesa baliabide elektronikoen bidez ematen zaie (244 emakumek dute Ertzaintzak instalatutako Bortxa aplikazioa euren telefonoetan: 134k Bizkaian, 50ek Araban eta 60ek Gipuzkoan).
Horrez gain, egun, 60 gizonezkok daramate lokalizazio-eskumuturrekoa epailearen aginduz: Bizkaian 37k, Araban seik eta Gipuzkoan 17k.