Itxi

KORONABIRUSA

Arrisku ertaineko eremuetan ostalaritza 23:00etan ixtea aztertuko du gaur Osasun Publikorako Batzordeak

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Covid semaforo berriaren arabera, 100.000 biztanleko intzidentzia metatuak 100dik gorako langa gainditzen duenean arrisku ertaineko eremu izendatuko da. Arratsaldeko bileran aztertuko dute proposamena Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek.

Taberna baten barrualdea. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Osasun Ministerioa eta autonomia erkidegoak ordezkatuta dauden Osasun Publikorako Batzordeak bilera egingo du gaur arratsaldean eta bertan hainbat kontu eztabaidatuko dituzte, tartean, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 100 kasutik gorakoa eta ospitaleetako presioa handia den tokietan ostalaritzaren barrualdea ixtea 23:00etatik aurrera.

Covid semaforo berriaren arabera, arrisku ertaineko eremua izango da 14 eguneko intzidentzia metatua 100 eta 300 artekoa denean. Proposamenak aurrera egingo balu, intzidentzia metatuaren datua ez ezik, ospitaleetako eta zainketa intentsiboetako unitateetan presio handia izatea hartuko litzateke kontuan ostalaritza 23:00etan ixteko.

Alerta Batzordeak Osasun Publikorako Batzordeari igorritako txostenak gaueko aisialdia 01:00etan ixtea eta dantza egiterakoan maskara ezinbestekoa izatea proposatzen du. Halaber, mahai bakoitzean gehienez 10 pertsona egon ahalko lirateke. Barrualdeetako edukiera % 50ekoa litzateke. 

Arrisku handiko eremuen kasuan, 14 eguneko intzidentzia metatua 300dik gorakoa denean eta ospitaleetako presioa are handiagoa denean, ostalaritzako barrualdeak edukieraren % 25rekin ireki ahalko lirateke, mahai bakoitzeko sei pertsonarekin, baina 23:00etan itxi beharko lukete.

Arrisku larriko eremuetan (500etik gorako intzidentzia metatua dutenak), ostalaritzaren barrualdea itxiko litzateke.

Gaur arratsaldeko bileran, 60 urtetik gorakoei eta osasun langileei eta osasun soziosanitarioei koronabirusaren aurkako hirugarren txertoa jartzea ere eztabaidatuko dute. Iragan astean aukera horren alde agertu zen Espainiako Txertoen Batzordea.

Talde horiei hirugarren dosia ematea onartuz gero, Pfizerrena edo Modernarena jarriko zaie. Txertoa hartu zuten 60 eta 69 urte bitarteko pertsona gehienek AstraZenecarena jaso zuten.

Bilerako beste hizpideetako bat covid ziurtagiriarena izango da. Balear uharteetan, Katalunian eta Galizian dagoeneko covid ziurtagiria beharrezkoa da toki batzuetan. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzari covid pasaportea ezartzeko baimena ukatu ostean, irizpide bakarra ezartzea eskatzen dute autonomia erkidego batzuek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)